Hertzainak taldeak adio eginen die agertokiei heldu den urtarrilaren 6an. Errege egunarekin, benetako azkena. Nire gaztaro apur bat destroyerrean edozein euskal taldek baino aiseago paratzen ninduten dantzan hertzain orduan clash zaleek. Tira, dantzan edo. Zerbeza, kostua eta si vis pace parabellum oihu batean, bestondo on baterako bezpera perfektua. Zenbat gau, errepidearen ilunean, esku batean zigarroa eta bertzea 4Lko kaseteko zintari buelta emateko prest, “Eh, txo! Gehiegi itxoiten duk”. Ni ere Erratzuko frontoian nintzen, hotzak akabatzen, otsaileko gau haizetsu batean, Garik “navarros hijos de puta” oihu egin zigularik mikrofonotik. Nonbait, ez zekien lehen lerrotik tu egiten ziotenak irundarrak zirela, ez bertakoak. The Pogues irlandar-britainiarren euskal bertsioa bilakatu nahi izan zutelarik ere segitu nien pista. No time for love, etapa horretako kanta ederrenetakoa. Maiteminduak ginen, baina gezurti lotsagabeak sentitu gabe egiten genuen marru, “ez dute uzten maitatzen gauean”. Noizbait desegin ziren. Noizbait hasi zen gure bizia bertze soinu-banda batzuen eraginpean kulunkatzen. Tira, kulunkatzen edo. Ni iloben sorrerarekin bateratsu harrapatu ninduen haien berpizkunde laburraren albisteak. Harridura apur batez ikusi nituen lehengo eguneko kontzertuaren irudiak. Zenbat jende, zenbat emozio. Urtarrilaren 6koak ez ditu ez bata ez bertzea falta izanen. Ez da Erratzuko frontoikoa errepikatuko, karpa klimatizatua agintzen zaie bertaratuko direnei. Jarleku goxoak izanen dira, nire adineko madelmanek ez dute dantzan irrigarri gelditu beharko. Duda guti: Barakaldoko BEC bi aldiz bete ondotik, kaskezurretaraino mukurutuko da Gasteizko Mendizabala. Ni ez naiz, ordea, haiekin guztiekin batera, “ez dira betiko garai onenak” kantatzen ariko. Agorafobiaz, xuhurkeriaz eta erosokeriaz aparte, oraindik ez dakit noiz izan diren garai onenak, ezta inoiz izan diren ere.