Komunitateari, euskal herrigintzari, kulturgintzari, feminismoari, gizadiaren eta gizatasunaren etorkizunari buruzko hausnarketa bakartian aurrera darraio Galo Martinez de la Perak. Mamiz eta distiraz jarraitu ere. Oraindik orain argitaratua du Emearen bidea supergizakiaren aroan (Alberdania 2022), estilo bikainean idatzia: sakon bezain arin, bristadak darizkiola, hari finez trebeki ehundua oso-osorik, hasi eta buka.

Egungo munduak daraman bideari eta gainean dituen arrisku larriei ondo igarrita dago idazlea. Gizadi osoak eta herri bakoitzak, herri gutxituek eta herri-gabetuek, gizaki gutxituek eta duintasun gabetuek, bizi ditugun zauri lazgarriez eta etorkizun are lazgarriagoaz alerta jotzen du, konformismotik eta etsipenetik urrun. Estimagarria da ahalegina, eta funtsean bat nator berarekin. Nahasbideak ere aurkitzen ditut, ordea, argibideen artean. Kateatzen nauten bost galdera nagusi aipatuko ditut.

1. Nietzscheren supergizakia gizagabe?

Supergizaki hitzak Nietzsche, pentsalari jenial eta profetikoarengana garamatza. Duela 150 urte iragarri zuen, Honela mintzatu zen Zaratustra obran, supergizakiaren etorrera. Izate beteranzko bidean, dio, giza espirituak hiru eraldaketa zeharkatu behar ditu: lehenengo gamelu bilakatzen da, gero lehoi, azkenik haur. Gamelu zamatu eta makurtuak lehoi libre bihurtu behar du: hagin zorrotzak atera, botere zapaltzaile guztiek –kristautasunak eta gainerako erlijioek bereziki– ezarri dizkioten zamak gainetik astindu, bere botereaz jabetu. “EZ!” esan, libre izan. Bere boterearen betera iritsiko bada, ordea, lehoi azkarrak haur jostalari, errugabe, kreatzaile bihurtu behar du. Bere izangaitasun osoari “BAI!” esan, haur izan.

Haurra! Galo Martinezek, ordea, supergizaki hitza botere-gose apetatsu, nihilista eta mugagabearen izen bezala hartu du. Hitler izango litzateke haren enkarnazioa. Edo Stalin. Edozein diktadore. Eta XXI. mende honetan, zehazkiago, Facebook, Amazon, Google eta abarrek, bioteknologiaren eta infoteknologiaren bidez, sortu nahi luketen espezie transhumanoa, gizakia jainko bihurtuko lukeen makina gizagabea, gaixotasunak eta heriotza betiko gaindituko lituzkeen transgizakia, gizadi arrunt gaixobera eta hilkorra bere mendean hartuko lukeen diktadore absolutu krudela, errukirik gabeko kontzientziaz eta askatasunaz hornitua. Aldoux Huxleyren amets gaiztoa. Gizakiaren suizidioa eta, azken batean, guztion hondamendia.

Guztiz ados nago, munstro beltz horren sorrera dela gizadiak aurrean duen arriskurik larriena. Baina galdetzen dut: Galo Martinezek zentzurik negatiboenean ulertzen duen supergizakiak ba ote du zerikusirik Nietzscherenarekin? Nire ustetan ez. Nietzschek zentzurik positiboenean ulertu eta iragarri baitzuen supergizakia, giza generoak berekin duen izangaitasun goren gisa: elkartasunezko kon-tzientzia, askatasun solidarioa, ontasun zoriontsua. Supergizaki haurra.

2. Harari, supergizaki gizagabearen profeta?

Are bidegabeago deritzet Galo Martinezek Yuval Noah Harari, israeldar historialari eta pentsalari gaztearen aurka barra-barra jaurtitzen dituen deskalifikazioei. “Nazismoa zuritzea eta justifikatzea” leporatzen dio, demokrazia eta giza eskubideak suntsitu nahi izatea. “Garbi dago –dio– Harariren supergizakiak totalitarismoa dakarrela besapean”.

Harariren 1.500dik gora orrialde arretaz irakurriak ditut, eta niretzat garbi dagoena zera da: Galo Martinezek ez duela hura ulertu. Hark ez baitu inolaz Homo deus supergizaki jainko teknologiko ahalguztiduna defenditzen. Elite ekonomiko-militarrek, infoteknologiaz eta bioteknologiaz baliatuz, sor dezaketen munstro hilezkor eta totalitarioa deskribatze besterik ez du egiten; eta XXI. mende honetako erronkarik handienaz, hondamendirik apokaliptikoena gertatzeko arrisku larriaz ohartarazten gaitu: elikatzen ari garen munstroak, mende honetan bertan, gizaki gehienok alferreko masa bihur gaitzakeela… Galo Martinezen irakurketak harri eta zur nauka.

3. Sendagileak estrategia totalitarioaren alde?

“Osasun totalitarismoa” gauzatzeko aukera eskaini omen du covid-19a pandemiak, beldurra armatzat hartuz. Eta “gure beldur guztien erantzunak izen bat du: txertoa”. Dena “finantza-kapitalismoaren etekinen mende”. Bereziki gogor gertatzen zaizkit pandemiako heroi izan diren osasun-langileei buruz botatzen dituenak. “Mediku gehienak estrategia totalitario horren alde agertzen dira ia aho batez”. “Armada eta polizia sanitario” gisa, “errepresio-sarea osatzen” dute, “armada eta polizia antiterroristarekin” batera. Gure bizia salbatzeko eurena arriskatu edo eman duten milaka eta milaka sendagile, erizain eta osasun-langilerengana doakit gogoa. Barka biezagute!

4. Iraultza kulturala politikarik gabe?

Bat nator Galo Martinezek proposatzen duen “politika negatiboarekin”, hots, supergizakiaren politikari eta berau egituratzen duen estatu autoritarioari uko egitearekin. Ados nago iraultza kulturala gauzatu behar dugula, mintzairaren iturburuak eta bizi-sorguneak berraurkituz, hizkuntzaren arima eta erabilera berreskuratuz, mitoen, erritoen, jaien, musikaren eta lurraren espiritua arnastuz. Oso eztabaidagarria iruditzen zait, ordea, iraultza kulturala politikari kontrajartzea, “iraultza eremu politikotik kanpo kokatzen” duela edo benetako “komunitatea ezin dela politika bidez eratu” esatea. Nola gauzatu nahi duzu, Galo, aldarrikatzen duzun “politika negatiboa” nolabaiteko politika positiborik gabe? Nola ahalbidetu gizakiaren kontzientzia hedatuagoa, sentsibilitatea, hurkotasuna, gupida, haurtasun heldua… erakunde (nahi eta ez politiko) gizatiarragoak bultzatu gabe, ikerketa zientifikoak, hezkuntza, osasun-zerbitzuak nahiz garraioa antolatu gabe? Ezinbestekoa da EZ esatea; BAI esatea ere bai.

5. Non dira arrak emearen bidean?

“Emearen bidea” proposatzen du Galo Martinezek aurrera egiteko. Bat nator hemen ere esan nahi duela deritzodanarekin: genero-berdintasuna, hezur-haragizko gizaki zaurgarri eta hilkorren komunitatea, erruki-iraultza behar ditugula. Baina zenbait baieztapeni nahasgarri deritzet. Nahasgarri zait, esate baterako, “bizitza, berez, emea dela”, “emearen lehentasuna aitortu behar dela”, “mugimendu feministak baino ez duela iraultzaren jatorrizko lekua” eta horrelakoak esatea, eta arreta, jaia, musika, dantza, errukia, haurren irribarrea edo biziaren logika, baita “euskaldunon jaia” ere, emearen bidean kokatzea. Emearenean bakarrik, eta arrarenean ez?

Arrarekiko menpetasuna ala emearekiko menpetasuna, beraz? Emea ala arra? Ez, emea eta arra, sexu-orientazio eta genero-identitate guztiak, elkarren bidelagun, menpetasunik eta hesirik gabe, bakoitzaren bidea beste guztiena ere bai baita. Ez inor ez ezer ez baita beste guztiak gabe. Munduko atomo guztietan ere elkarren osagarri dira protoiaren polo positiboa eta elektroiaren negatiboa, bien artean eragiten diotelarik unibertsoaren dantza kreatzaileari.