uskaldun eta basko hitzen esanahiaz eta erabileraz azken boladan izan den kalapitak diasporako lagun batekin aspaldixko izandako solasaldia gogorarazi dit. Milaka kilometrora bizita, euskara erabiltzeko sukaldeaz haragoko eremu guztiak agortuta, aparteko kon-tzientzia eta espiritua behar da euskaradun izaten jarraitzeko. Gure lagun horrek baditu euskaraz ongi baino hobeki moldatzen diren bilobak. Ez denak, ordea, eta sobera bortitz gertatu zitzaion azken hauek euskaldun hitzaren adierarik ertsienetik kanpo geratzen zirela entzutea. Adiera zabalagoekin goxatu nuen gaixoa; ezin hasiko gara hangoei euskal izaerarik uka-tzen, hemen bertan herrenez inguratuta egonik.

Lehengoan Azkoitiko txinatar denda batean izan naiz. Axiri baserri aspaldi eraitsiaren lurretan dago, China jartzen duen kartel galantaren azpian. Bi txinatar gaztek artatu ninduten. Beren artean txineraz ari ziren, baina niri euskara bizi-bizian mintzatu zitzaizkidan, azpeitieraz: "bi te berrotamar". Aukera alferrik galdu ezin-eta, elkarrizketa apur bat luzatu nuen. Zinezko euskaldunak dira. Hura gozatua!

Gauza praktikoek erakusten dute ondoen adiera bakoitzaren esanahi gailena. Badugu etxean laguntzaile birtual bitxi horietako bat. Euskaraz badakien galdegin nion, ezetz erantzun zidan: todavía no sé hablar euskera. Itxaropen pixka bat eman zidan todavía horrek. Ondoren, euskaldun eta basko hitzei buruzko xextra betean, beste eskaera bat egitea otu zitzaidan: ponme música vasca. Hertzainak, Berri Txarrak, Sorotan Bele, Benito Lertxundi, En Tol Sarmiento, Oskorri, Gatibu... denak euskarazko kantak. Ez zidan La Oreja de Van Goghik eta Fitorik jarri, eta, aizue, zer esango dizuet bada, poz eman zidan irabazitako borrokatxoak ere baditugula egiaztatzeak. l