i gertakizun azpimarratu zituen kazetariak San Sebastian egunaren ostean. Aipatu jai egunean, Donostian, haurren danborrada ez ohikoa aurrera atera izana batetik, hau da, hiriko bost auzogunetan banatuta, covid neurriak zaindu ahal izateko; eta, bestetik, Jakintza ikastetxearen kasuan, lehenbizikoz, "kantinera" gisa, bi mutikok desfilatu izana. Dirudienez, sei urteko umeei danborradan parte hartzeko ireki zitzaien aukera (bakarra edo azkena) kantinera posturako izan zen eta, ez bat ez bi, izena eman zuten, eta desfilean parte hartu.

Albistea jaso zuen kazetariak, ordea, gertakariaren berri emateaz gain, bestelakorik ere gaineratu zuen: orain arte kantinera gisa neskak joan zitezkeela bakarrik zioen araudia puskatzea lortu zela. Eta galdera da: oraindik danborrada arautzen duen araudiak kantinerak neskek behar dutela izan eta, adibidez, gastadoreak mutilek behar dutela izan jartzen du? Ala irakurleak egiten duen irakurketa da? Ez da ba hizkuntza kontua izango, ezta? Hau da, araudia gaztelaniaz bakarrik idatzita dagoela eta ("las cantineras, los gastadores...") horrek zehazten duela danborradako figuren generoa?

Era batera edo bestera izan, hala baldin bada behintzat, arau horiek berrikusi egin beharko lirateke. Bai konpainien eraketarako genero irizpideak markatzen diren edo ez, eta baita hizkuntzaren erabilerak (hau da, araudi horiek gaztelaniaz idatzita egoteak) generoa markatzen ote duen.

Enpresei dirulaguntzak eskatzen dituztenean berdintasun plana indarrean izatea eskatzen zaien bezala, diruz laguntzen diren bestelako ekimenetarako ere (danborrada, kasu), horiek arautzen dituzten araudiak ere eguneratuta izatea eskatu beharko lukete, kasu honetan, udaletxeek. Batetik, araudi horiek genero ikuspegia landuta ote duten, hau da, genero diskriminazioa ekiditen duten eta, bestetik, araudi horiek euskaraz ere jasota ote dauden, hau da, hizkuntza diskriminazioa ere ekiditen duten. Diru publikoz laguntzen den ekimen orok berdintasun oro bermatu behar baitu, araudietatik hasita.