Jendeak ba al daki benetan zeri ematen dion bozka hauteskundeetan? Uste dut funtsean galdera hori dagoela egunotan irakurri ditudan analisi askotan: jendeak, programak irakurtzen ez dituenez, ez daki oso ondo nolakoa den aukeratu duen alderdia; jendeak ez du formazio handirik, beraz edonork engaina dezake aise; jendeak beste bat zigortzeagatik egiten du dena; jendea ez da eskuin muturrekoa, baina eskuin muturrekoen diskurtsoa errazagoa da irensteko. Laburbilduz, jendea ergela da oro har. Edo, orokorkeriaren eta esentzialismoaren bide arriskutsuak alde batera utzirik, jende askok ergelkeria asko eta ergelkeria handiak egiten ditu hauteskundeetan, oro har.

Ni ez nago oso ados teoria horrekin. Egia da jendeak denbora gehiago emango duela futbol taldeko presidentegaien artean zein izango den egokiena pentsatzen, edo supermerkatuan komuneko paperen aurrean zein erosi erabakitzen; politika nekagarria izan daiteke, baina pentsatzen dut jendeak ondo dakiela (ondo dakigula), oro har, zergatik ematen dion (diogun) bozka alderdi bati, eta ez beste bati, edo zergatik ez duen (dugun) botorik ematen.

Iniziatu gutxi batzuk kenduta, jendeak hauteskundeetan, oro har, aukera zabala edo orokorra egiten du, programaren hogeigarren puntua gustatzen zaion ala ez gehiegi pentsatu barik. Horrek badu logika, alderdietako programek, oro har, barne koherentzia dutelako, orain arte behintzat. Bestaldetik, jendeak puntu ba-tzuei lehentasuna ematen die, beste puntu batzuekin ez ikusiarena egiten du eta kito. Jendea ez da ergela, oro har.

Baina jendea ez bada ergela, oro har, zergatik ematen dio botoa eskuin muturreko alderdi bati? Eskuin muturrekoak, oro har, direlako; are gehiago, eta oso-oso ezkor jarrita, gaiztoak (barkatu hitza), oro har, direlako (bost axola pobreak, etorkinak, emakume bortxatuak eta katalanak).

Edo, berriro ere, orokorkeriaren eta esen-tzialismoaren bide arriskutsuak alde batera utzirik, jende asko gaiztakeria asko eta gaiztakeria handiak egiteko gai da hauteskundeetan, eta bizitzan, oro har.