GAURKO artikuluaren izenburua ikusita, ez dakit zuetako zenbat animatuko den irakurtzera. Izan ere, uler-tzen dut gai honekin kokoteraino egotea eta pentsatzea zertara natorren, ni ere honetaz idaztera. Baina hala egiteko proposatu zidaten eta esanekoa naiz (gehienetan). Aitortu behar dizuet Espainiako monarkiaren gaiak ez naukala hain nazkatua; kanpoan harrapatu ninduen ezusteko abdikazioak eta kanpoan jarraitu dut Espainiako hedabide ofizialetan ondoren etorri zen zaparrada monarkikoak iraun zuen egunetan. Gero ere ez dut sumatu horrenbesteko erauntsirik errege berriaren izendapena dela eta; hori ere norberaren esku egon ohi da, zein telebista-kate edo zein programa ikusten duen, zein egunkari irakurtzen duen, irratiko zein programa entzuten duen?

Eta, hain kanpotik ikusi baditut kontuak, zer dut nik esateko? Deigarri gertatu zaizkidan kontuak ekarri nahi ditut lerro hauetara; ez originalak direlako edo beste inork aipatu ez dituelako, baizik batek baino gehiagok historikotzat jo duen gertakariaren aurrean neuk egindako gogoeta eta balorazioa direlako. Interesgarri diren ala ez, zeuek erabakiko duzue.

Hamaika kontu aipatu dira azken asteotan abdikatu berri duen erregeaz. Batzuek Espainiak izan duen "aktiborik" baliotsuen moduan hartzen dute; beste batzuek, aldiz, bere errege-aldiaren itzalez (argiez baino gehiago) hitz egin dute: nola iritsi zen errege izatera (Franco diktadoreak hala erabaki zuelako), nola jokatu ote zuen benetan 1981eko otsailaren 23ko tejerazoaren kasuan, nondik ote datorkion gaur duen ondarea, zenbatekoa ote den ondare hori, bizitza pribatuko eskandaluak ere hor atera dira (hitz egin al daiteke egiaz bizitza pribatuaz errege baten kasuan?)... Nazioarteko prentsan ere izan dute oihartzuna kontu horiek guztiek. Ez dut esan nahi horretaz hitz egiten eta ikertzen jarraitu behar ez denik, baina egun hauetan gertatutakoaz eta aurrera begirakoaz jardun nahi dut gaur.

Zer egin zait, beraz, deigarri ekainaren 2tik honako tartean? Errepublikaren aldeko manifestazioak lehenik. Errepublikaren aldeko adierazpen epela izan da batzuen iritziz, zenbat jendek parte hartu duen ikusita. Baina, nire begietan, koroari horrenbesteko intsen-tsua ematen diotela ikusten ohituta dagoenarentzat ez da hutsala 40 hiritan baino gehiagotan estatuaren beste antolamendu-modu baten alde agertu izana jendea. Ez ziren izango manifestazio erraldoiak, baina lau katu baino gehiago ikusi ditut nik argazkietan; milaka eta milaka lagun atera dira kalera, gazte jendea batik bat.

Deigarria gertatu zait, bigarrenik, Espainiako bi alderdi politiko nagusien jokabidea, sozialistena bereziki. Zenbat akordatu naizen Eibarko sozialistez Alfredo Perez Rubalcabaren monarkiaren aldeko hitzak entzunda! Benigno Bascaranez eta bera bezalako beste hamaika sozialista errepublikazalez! Sozialista euskaldunez ari naiz, baina ez ziren oso bestelakoak izango Espainian alderdi sozialistari botoa eman dioten bati baino gehiagori burura etorritakoak. Horrekin batera, jakina, Gorteetan (Kongresuan) boto-askatasunik eman ez izana, guztiek, nahitaez, baiezkoa eman behar abdikazio-legeari.

Deigarria gertatu zait, hirugarrenik, Gorteetan eztabaida eragozteko erabili duten argudioa: ez da orain eztabaidatu beharreko kontua, ez da hau horretarako unea. Konstituzioa onartzean erabaki zen nolako antolamendua izango zuen Espainiak, monarkia konstituzionala, eta horrek eskatzen duenari jarraipena ematea baino ez da orain egin dena. Beste modu bateko antolamendua nahi duenak eraman dezala konstituzioa aldatzeko proposamena Gorteetara eta han eztabaidatuko omen da. Eta talderen batek hala egingo balu, zein izango litzateke orduan sozialisten jarrera? Hortxe koxka. Izan ere, Gorteetako diputatuen %85en babesa izan du; Senatuan, senatarien %90 ingururena. Nabarmena da, ordea, datu horien eta egunkariek argitaratutako inkesten arteko aldea: El Paísek zabaldutako inkestan, %49 ageri zen monarkiaren alde; El Mundok argitaratutakoan, %55,7. Biak ere Gorteetako eta Senatuko emaitzetatik oso urrun. Bai, bai, badakit, oraingo eztabaida ez zen monarkia bai ala ez? Baina, berriro diot, zer egingo lukete batzuek eztabaida Gorteetara iritsiko balitz? Ramon Rubialen jokabideaz behin baino gehiagotan entzundakoa etorri zait burura haren bustoaren ondoan ikusi dudanean Eduardo Madina bere hautagaitza aurkezten; 1978 eta 1980 arteko Euskal Kontseilu Orokorreko buru zela, Zarzuelako harrera-ekitaldi batean hauxe esan omen zion abdikatu berri duen Juan Carlos I.ari: Ramon Rubial sozialista naiz eta zu tronutik demokratikoki kentzea dut helburu. Helburu bera ote du Madinak ere?

Eta, hari beretik tiraka, Mariano Rajoyk esan du espainolen borondatea dela konstituzioa. Badira zantzuak pentsatzeko askok eta askok gaur beste antolamendu-mota bat nahiko luketela, hortxe daude inkesten emaitzak; ez monarkia (denik eta konstituzionalena izanda ere), baizik errepublika. Emango al du pausorik XXI. mendearen lehen hamarkadetako espainolek zer nahi duten, haien borondatea zein den jakiteko? Areago, kontuan hartzen badugu The New York Times egunkariak argitaratutako Juan Carlos I.aren adierazpenak: herriak monarkia nahi duen bitartean iraungo du monarkiak. Oso ondo, galdetu diezaiogun, beraz, herriari. Baina horren ordez, debekua etorri da; debekua, atzoko egunez errepublikako bandera eskuetan Madrilen erdigunean elkarretaratzeko. Hain urduri ote daude? Horrenbesteko beldurra eragiten ote die errege-erregina berrien belarrietara bestelako aldarrikapenak heltzeak?

Honainokoak, jakina, espainolaren begietatik eginiko gogoetak dira gehienbat, euskaldunaren begiek beste zerbaiti erreparatuko lioketelako. Guretzat ere bada eztabaidagai monarkia ala errepublika nahi genukeen; baina, askorentzat behintzat, hori bezain garrantzitsua da (edo garrantzitsuagoa) antolamendu batek zein bestek errespetatuko ote duten egiaz euskal nazioa, gure eskubide historikoak. Eskoziak ez du arazorik ikusten Isabel II erreginatzat onartzeko independentzia lortuko balu ere; adibide ederra da Commonwealth, 53 estatu independente eta subiranok osatua eta Isabel II. erreginatzat onartzen duena. Posible ote li-tzateke antzekorik Espainian? Ez dirudi errege berriaren hitzek esperantzarako tarte handiegirik uzten dutenik.

Espainiaren batasunean sinisten duela esan digu, koroa dela batasun horren sinboloa. Baina batasuna ez dela uniformetasuna, aniztasuna delako Espainiaren nortasuna definitzen duen ezaugarria eta hala jaso zuela konstituzioak. Errepaso sakonegirik egin beharrik ez dago uniformetasunaren gerruntzea egunetik egunera estuago lotzen digutela berresteko. Legearen barruan sar-tzen omen dira sentsibilitate guztiak, espainol sentitzeko modu guztiak. Estatutu Berriaren Proposamenari ate-danbatekoa izan ote zen horren erakusgarri? Edo Kontsulta Legea konstituziotik kanpokotzat jotzea? Alderdi politikoen arteko akordioak lor daitezkeen Espainia omen du helburu, elkar ulertzeko zubiak hautsiko ez diren Espainia. Monarkia berriztatua, garai berrietarako. Laster izango du aukera hala den erakusteko. Urkullu lehendakariak argi asko adierazi du gure autogobernuan sakon-tzeko proposamena helaraziko diola. Argigarria izango da nolako erantzuna ematen duen; euskaldunen ahotsa eta nahiak entzuteko prest dagoen ala aitaren ezpalekoa den. Gogoratzen Bilbora etorri eta Ibarretxe lehendakaria aurrean zela esandako hura (sozialistei eta popularrei ari zitzaiela): "A ver cuándo quitáis a éstos". Bitartean, monarkiarekin zein errepublikarekin, gure etorkizuna erabakitzearen alde jarraitu beharko dugu lanean.