herri bateko alkate edo alkatesa, herritarrek daukagun kargu politikorik gertukoena eta garrantsi-tsuena da, zalantzarik gabe. Alkateak bere herriko biztanle guztiak errespetatu eta zaindu behar ditu beste edozein alderdikeria eta interesen gainetik. Beti izan du alkateak nolabaiteko etika edo savoir faire bere jokabidean. Hala izan da Bergarako kasuan demokraziako alkate guztiak errepasatzen baditugu. Baina oraingo alkatesaren idatzi eta jarrerak ikusita esaldi bat etortzen zait mihi punttara: Hau da auzo-lotsa!

Agurne Barruso alkatesak Ekainaren 11n, NOTICIAS DE GIPUZKOAn idatzitako gutunean, PNVri gezurretan aritzea leporatzen dio behin eta berriz Errege Seminarioaren permuta dela eta. Bere hitz faboritoa "gezurra" da nonbait. Alkatesak, bere proiektuak aurrera atera ezin dituenean, ez ditu pisuzko argumentuak aurkezten. Ikastolako umeak ibiltzen dira ba? "hori gezurra da?! Gezurtero patatero!... Andereñori esango diot?!. Ba jokabide hauxe datorkit burura Agurne Barrusoren hizketa eta idazkerak entzun eta ikusi ondoren. Kasketa galanta dauka alkatesak Seminarioa eta Arrizuriaga Jauregiaren arteko permuta orain dela hilabete dezente eginda bezala saldu eta eskuak harrapatuta gelditu denean.

Ez alkatesa anderea ez, nik, Bergarako biztanle naizen aldetik, ez dut onartzen neure herriko buruzagi gorenak modu horretan idaztea eta hitzegitea. EAJ alderdia badakigu zuentzat areriorik okerrena dela. EAJko aurreko legealdietako lantaldeak egindako proiektu eta lanak erabat baztertu ditu zure Gobernuak behin eta berriz, herriarentzat onuragarriak diren ala ez aztertu gabe. Gauza, kontra egitea da. Zure Gobernuaren lema, aurreko guztia suntsitu eta berdin da zer, baina guztiz aurkakoak diren ekintzak egitea da. Bergarako herriak kultura proiektuetan diru garrantzitsua inbertitu du. Errege Seminarioaren eraikuntza garrantzitsuari irtenbidea eman zitzaion herriak premiaz behar duen kultur ekipamendua egiteko. Arrizuriaga Jauregia, Bergarako eraikuntza eder eta kokapen aproposenetakoa duen eraikina, herritarron ondarea da, bergarar guztiona, eta EAJk, beharrezko liburutegiaren proiektua hortxe kokatu zuen lekurik aproposena zelako. Zergatik eman behar dio Bergarako herriak UNEDi ondare garrantzitsu hau? Zer dela eta? Nori bururatu zaio eta zergatik? EAJk errespetatzen ditu UNEDeko zuzendaritzak aurkeztu ditzakeen proiektuak, baina ez ahaztu, UNED gestionatzeko patronatu bat dago, besteak beste, Bergarako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kutxa. Barruso andereak permutaren kontua, eginda bezala saldu zuenean, bazekien ondo ez zegoela bere esku bakarrik erabaki hori. Politiko batek zuhurtziaz jokatu behar du et,a horretaz gain, herriari ezin zaio informazioaren zati garrantzitsu hau ezkutatu. Nor aritu da hemen gezurretan? Erderaz esaten den bezala "Castillos en el aire", horixe da egin duzuna, Barruso anderea. Permutak beste alderdi guztien babesa omen dauka. Hala diozu zure idatzian. Zein alderdirena? Aralar? Joan den legealdian gurekin batera Gobernu Batzordetik guk egindako Kultura plangin- tza babestu zuena? PSE? Zuek diozuen Euskalerriaren aurkako alderdi espainolistarena? EA? Joan den legealdian gurekin batera Gobernuan proiektu hauek babestu zituen alderdiarena? Nork aldatu du hemen bere jarrera eta zergatik? EAJk behintzat ez.

Beste burutapen bat egin nahi dizut, alkatesa anderea. Ez da zilegi Bergaran behin eta berriz Aranzadi Ikastola txanpon politiko bezala erabiltzea. Aranzadi Ikastolako guraso eta irakasle asko eta asko kokoteraino daude zuek egiten duzuen erabileragatik. Ikastola ez dezagun auzi politiko bilakatu. Gure haurren kultura eta hezkuntza zuen erabilera politikoen gainetik dago eta lotsa piska bat baldin baduzue, uztazue Aranzadi Ikastola bakean, permutaren kontuarekin zerikusirik ez du eta. EAJ alderdiak beti jokatu du arduraz erakunde publiko guztietan. Gehiago edo gutxiago gustatuko zaio jendeari Diputazioan, udaletan eta gainontzeko erakundeetan, baina zuhurtziaz eta arduraz jokatzen ez diguzue leziorik emango.

EAJ alderdiak beti babestuko ditu ikastolak, publikoak nahiz pribatuak. Gogoratu EAJko jendeak sortuak direla gehientsuenak eta Gobernuan egon garen urte guztietan ikastolaren aldeko politikak, paregabeak izan direla. Ez gaituzue joku horretan sartuko. Gure ardurazko jokabideak beti bilatuko ditu gure ikastola eta eskolen beharrak asetzeko bideak. Egin ezazue Bergarako herriaren alde lan, itxuragabeko eta zentzurik gabeko auzi an-tzurik sortu gabe. Ekin iezaiozue zuek ere, diputatu nagusia den Markel Olano jaunak dioen bezala, kultura politiko berri bati.

Ikasi zure aurrekoetatik, Barruso anderea, ikasi eta errespetuz jardun herritar guztiekin eta herritar horien parte handi bat ordezka-tzen duten alderdiekin. Ez dut berriz ere auzolotsarik pasa nahi.

Aintzane Oiarbide

Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJko Batzarkidea