Ukrainaren kontraerasoaren emaitzak nabarmenak omen dira Kieven esanetan, Errusiak bere aldetik gutxietsi egin ditu. Ekintza guztia isiltasun ofizialez babestu bada ere, estrategiaren inguruan argibide batzuk eman dituzte politiko eta militar ukrainarrek.

Britainiar inteligentziaren arabera, Ukrainako Armadak “frontearen lerroa atzerarazi egin du leku batzuetan, Errusiarren defentsako gune ahul enak baliatuz”. Operazio honetarako Mendebaldeko herrialdetatik jasotako misilak erabili ditu Ukrainak.

Nataliya Gumenyuk Ukrainako Armadaren Hegoaldeko Aginteko bozeramailearen arabera, tropa errusiarrek ezin omen dute hornigairik ekarri Jerson eskualdeko lurralde okupatuetara, Kieveko indarrek zubien, biltegien, aginte eta kontrol postuen eta Errusiako logistikaren aurka egindako etengabeko erasoak bide horiek erabat murriztu dizkietelako. Errusiarrek erabil di-tzaketen “garraiobide batzuk oraindik badaudela” adierazi zuen, baina horiek ere Ukrainako tropen kontrolpean daudela ziurtatu zuen. Jerson probintziako Antonivka eta Jakovka Berriko zubien aurkako erasoen helburua, indar errusiarrak erretiratzea edota errefortzuak jasotzea eragoztea omen da.

Taras Berezovets brigada ukrainarrak atzo “Espresso” telebista kateari adierazi zionez, Dnieper ibaiaren eskuineko ertzean 20.000 soldadu errusiar eta errusiarren aldeko inguru omen daude. Ukrainarren azken kolpe aipagarria Zateryanny Mir Hotelaren bonbardaketa izan da, errusiarrek okupatutako eskualdeko hiriburu bakarra den Jerson hirian bertan; hotel hori ustez errusiarren “basetzat” erabiltzen omen zuten, hegoaldeko aginteko Vladyslav Nazarov bozeramailearen arabera.

Presidentearen bulegoko Mykhailo Podolyak aholkulariaren hitzetan, errusiarrak “beren erreserbak kaotikoki mugitzen hasi dira, eta hori oso mesedegarria da guretzat, badakigulako non eta nola metatuta dauden”. Ukrainako Estatu Nagusi Orokorrak atzoko gerra-oharrean adierazi zuenez, “Hegoaldean dituen tropei laguntza logistikoa bidaltzeko saiakerak egiten dabil Errusia”.

Gumenyukek argi azpimarratu nahi izan zuen Indar Armatuek “baliabide guztiak eskura dituztela” Errusiak hegoaldeko tropak indartzea eragozteko.

Oraingoz, hegoaldean burutzen dabiltzan kontraerasoa oso operazio zehatza omen da; indar errusiarrak eta haien logistika ahuldu eta kolpatzea dute helburu, lurralde okupatuak berehala berreskuratzea baino.

Oleksiy Arestovitxek, Ukrainako presidentetzaren aholkulariak adierazi zuenez, goizegi omen da kontraerasoaren arrakasta ospatzeko. Baina borrokaldi horiek aurrera egin ahala, bere ustez argi geratu omen da Vladimir Putin Errusiako presidenteak Jersonen kontrola mantentzeko eta Errusiakoa izateari buruzko erreferenduma egiteko asmoak “ez direla inola ere bete”.