Eztabaida parez pare irekita dago mahai gainean. Azken astean Pedro Sánchezek iragarritako neurriek X, Telegram eta sare antzekoen jabeen orroak altxa ditu. Gustatu ez arren, hortxe demokratikoki hautatutako agintari bati zor dioten errespetua. Hala ere, eztabaida Sánchezek iragarritako neurrietaz (eta ikusiko dugu agindutakotik zertan zehazten diren) haratago doa: sare sozialek askatasuna indartu edo gatibatzen dute? Azken astetan ezagututako lanen artean, Antiguako Luberri institutukoa dago. Altxa Burua mugimenduaren baitan, mugikorrak lortzeko adina atzeratzen dabiltza. 11 eta 12 urteko ikasleen artean, hamarretik zazpik ez du sega-potorik. Klaseko giroak hobera egin du, dirudienez ezin baitira bereizi mugikorra eta sare sozialak. Duela 20 urte agora aske eta intelektualak izan behar zuten sare sozial horiexek. Arazo, arrisku eta mehatxu asko dago bertan. Kalean ere bai, diote sare hauek gaur dauden moduan defendatzen dutenek. Tira, kalean ez bezala, zerbitzariak atzerrian dituzten sareetan ematen diren delituak jazartzea zailagoa da. Baita senideren bat arriskuan egon daitekeela sumatzea. Analisi honen aurrean, askatasuna defendatzen da. Baina sekretu bat ezkutatzen dute: algoritmo baten agintean, askatasunik ez dago. Askatasun itxura soilik.