- ErrotaHerria kanpainaren baitan eta herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiak suspertzeko helburuarekin, 2.000 erosketa bono atera ditu Zumaiako Udalak. Dagoeneko eskuragarri daude turismo bulegoan, amaitu arte. Bonoen prezioa 35 eurokoa izango da, eta 50 euroko balioa duen txartela eskuratuko dute herritarrek, Zumaian bertan erabiltzeko. Txartel bakoitzak 20 euroko zati bat, eta 10 euroko hiru zati edukiko ditu.

Beraz, Zumaiako Udalak 30.000 euro bideratuko ditu guztira, kanpaina berrira eta herritarren ekarpenekin batera 100.000 euroko eragin ekonomiko zuzena eragitea aurreikusten du.

Herritar bakoitzak bono bakarra eskuratu ahal izango du; hori egiaztatzeko, bonoa erostean NANa edo identifikazio txartel bat erakutsi beharko da. Horiek, uztailaren 31ra bitartean erabili ahal izango dituzte herritarrek, kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan.