Irati Idiakez: Getariako herriaren harrotasuna

03.03.2021 | 00:36
Arkuaren erdian, Irati Idiakez.

kirolariari omenaldi berezia egin dio getariak snowboard egokitutako munduko kopa irabazi ondoren

ezagutzen duen orok ondo daki Irati Idiakezek ez duela inoiz irribarrea galdu, orain gainera, harrotasunez bete du Getaria.

2017an Txilen izandako autobus istripu batean, eskuin besoa galdu zuen Idiakezek. Lau hilabeteren bueltan oholaren gainera igo zen eta orduz geroztik Getaria lau haizetara zabaltzearen errudun izan da. Astelehenean iritsi zen etxera Pyhan (Finlandia) jokatutako Snowboard egokituko Munduko Kopan, urrezko domina irabazita. Pasa den asteburuan ere Espainiako Kopan, hirugarren postua lortu zuen. Eta nola ez, bizilagunek esku zabalik hartu zuten.

Omenaldi berezia egin zioten udalean. Pandemia tarteko, ekitaldi mugatua izan zen. Familiartekoak, Ketako ordezkariak, udaleko zinegotziak eta prentsa bildu ziren udalbatza aretoan. Libe Goenagak abestutako bertso batek eman zion hasiera jardunaldiari. Ondoren, Haritz Alberdi alkateak hartu zuen hitza. "Kirol lorpen guztiengatik eta bizitza transmititzeagatik" zoriondu zuen 24 urteko kirolaria. Herriaren izenean, garaikur bat eta lore sorta eman zizkion eta jarraian etorri ziren Idiakezen esker hitzak: "herriaren babesa hasieratik izan dut eta orain ere hor jarraitzen duzue. Nire esperientziaren zati zarete, eskerrik asko zuei", esan zuen emozio tartean.

Udalbatzar aretotik jaitsi orduko beste sorpresa bat emateko prest zituen kuadrillako lagunak. Agurra dantzatu eta snowboardeko taula eta guzti arkua egin zioten.

"Ez dakit herri hau baino hobeagorik badagoen nonbait, benetan diot", azaldu zion egunkari honi, Idiakezek.

"Indarrak hartzeko" balio izan zion guztiak, kirolari getariarrari. Izan ere, ostiralean berriz itzuliko da Baquira Bereteko elurretara. Han pare bat astez izango da eta segidan, Sierra Nevada bisitatuko du. Aurreratu zuenez, Italiara joatea da beste asmoetako bat, bertako Munduko Kopan parte hartzeko.