Zarautz | Luisa Arribasen lanak irabazi du martxoaren 8ko kartel lehiaketa

'Begira nazazu begietara' izenburua jarri dio kartelari; herritarren saria, berriz, Candela Azurza zarauztarrak eskuratu du

15.02.2021 | 01:31
Luisa Arribasen kartel irabazlea. Argazkia: N.G.

zarautz Zarauzko Udaleko Parekidetasun Sailak erabaki du zein kartelek iragarriko duen aurtengo Emakumeen Nazioarteko Eguna. Luisa Arribas Sanchezen Begira nazazu begietara lana aukeratu dute eta beraz, berea izango da Martxoak 8ko eguna iragartzeko aurten erabiliko den irudia. Zaragozarra da bera eta 61 urte ditu. Lehen postuarekin, 400 euroko saria eskuratu du.

Bestalde, herritarrek ere aukeratu dute zein egile saritu. Kasu honetan, Candela Azurza 24 urteko zarauztarrak, lortu du aipamena. Korronte morea izeneko kartelarekin, 200 euro egokitu zaizkio. Sare sozialen bidez, 170 boto jaso ditu guztira.

41 lan aurkeztu dira aurtengo kartel lehiaketara, 23 gizon eta 18 emakume. Obra hauek guztiak ikusgai egongo dira martxoaren 8tik 14ra bitartean, 18.00etatik 20.00etara Torre Luzean. Udaletik herritarrak animatu nahi dituzte bertara eta Martxoaren 8aren inguruan antolatuko ditugun ekitaldietan parte hartzera. Era berean, eskerrak eman nahi izan dituzte horrelako ekimen batean parte hartuz, "Martxoaren 8a ikusaraztea eta gizarteratzea lortzen baitugu".

Kartelen balorazio eta aukeraketa prozesuan ondorengo irizpideak kontuan hartu dira: kalitatea eta originaltasuna, proposatutako gaiarekiko egokitzapena eta sormena.

Normalean egun osoko egitaraua antolatu ohi izan dute Zarautzen. Gurpil martxa, bazkari autogestionatua edo eztabaida eta informazio txokoa dira horren kasu.

Urola Kostako ikastetxe guztiek ere bat egiten dute Emakumeen Nazioarteko Egunarekin. Dena den, oraindik jakiteko da aurtengo eguna nola ospatuko den. Pandemiaren egoerak baldintzatuko du guztia.