- Orioko Udalak abenduko kultur jardueren agenda aurkeztu zuen, atzo. Bertan izan ziren Xabier Ibarguren kultur zinegotzia, Julen Alonso musikari oriotarra eta Uhaina Atxotegi kultur teknikaria.

Ibargurenek azaldu zuenez, Orioko Udalak kulturaren alde egiten jarraituko du eta horren islada da datorren hilerako prestatu duten agenda "indartsua".

Askotako ekitaldiak jasotzen ditu programak. Haurrentzako, esaterako, Leire Zinkunegi ipuin-kontalariaren saioa kultur etxean, abenduaren 1ean, 18.00etan edo Urpekariak bertso-antzerkia Arraunetxean, hilaren 22an, 17.00etan.

Helduentzako musika ikuskizunen artean daude Ruper Ordorikaren kantaldia, hilaren 12an, 19.00etan; Zetak musika taldearen kontzertua, abenduaren 19an, 19.00etan edota Xabi Solano eta Kimua dantza-kolektiboaren emanaldia, urtarrilaren 2an, 19.00etan.

Agendako lehen emanaldia, aldiz, Julen Alonso herritarrak emango du, abenduaren 5ean, 19.00etan.

Sarrerak aldez aurretik hartu beharko dira. Ekitaldia baino hamabost egun lehenago jarriko dituzte salgai kultur etxean.