- Normalean Zarauzko Hondartza Futbol Txapelketa uda bukatzearekin batera hasten bazen ere, egungo egoerak ez du hori ahalbidetzen.

Gaur egun, antolatzaileen helburu nagusia “jokalari eta zaletuen osasuna bermatzea” da. Hori bermatzearren, txapelketaren hasiera data atzeratu egingo dute eta erabakiaren berri urtarrilean emango dutela azaldu dute.

Prentsa ohar bidez adierazi dutenez, bitarte honetan hainbat eginbehar izango dituzte antolatzaileek. Lehenik eta behin, segurtasun protokolo bat finkatu behar dute, txapelketan parte hartuko duten pertsona guztien osasuna ahalik eta gehien babeste aldera.

Txapelketaren formatu ezberdinak ere aurreikusi nahi dituzte, eman daitezkeen egoerei behar bezala erantzun ahal izateko. Horretarako beharrezkoa dute aurrez jakitea zein taldek hartu nahi duten parte denboraldi honetan.

Interesa duten partaideek, urriaren 5etik azaroaren 27ra bitartean izango dute izen emateko aukera. Aurten, ordea, nahikoa izango da taldearen izena eta delegatuaren datuak aurkeztea. Jokalarien fitxen definizioa eta diru-sarrera gaiak beranduago landuko dira. Bide batez, iazko taldeetako delegatuekin kontaktuan jarriko da antolakuntza taldea.

Bestalde, jakitera eman dutenez, irekia dago jada jokalari poltsa. Bertan, Plaieroetan jokatu baina talderik ez duten pertsonek dute izena emateko aukera. Egoera honetan dagoen orok, mezu bat bidali beharko du ondorengo helbide elektronikora: jokalaripoltsa@playeruak.eus.

Antolakuntzatik gogoratu nahi izan dute 16 urtetik gorako edonork joka dezakeela helduen lehiaketa honetan eta bide batez, herritarrak animatu nahi dituzte parte hartzera.

Pasa den denboraldian, inkesta bat sortu zuten jokalariek balorazioa egin zezaten. Hobetzeko hainbat puntu azaldu ziren eta etenaldi hau, ahulezi horiek lantzeko ere aprobetxatuko du antolakun-tza taldeak

Edozer dela ere, zalantzaren bat edo informazio gehiago behar duten herritarrak antolakun-tza@playeruak.eus helbidera ida-tzi dezakete.