- Zarauzko Aritzbatalde kiroldegia bihar irekiko da hiru hilabetez itxita egon ondoren. Horretarako, COVID-19 Kontingentzia Plana prestatu du Kirol departamenduak: “Kontingentzia Plana eragile ezberdinekin elkarlanean landu dugu eta xede nagusia zerbitzuak langile zein erabiltzaileentzat segurtasun eta higiene berme guztiekin eskaintzea da”, azaldu zuen Leire Arana kiroleko zinegotziak.

Kiroldegia bost sektoreetan banatu dute: Harrera, Ikastaroak (bigarren solairuan), Igerilekua, Fitness (lehen solairuan) eta Kiroldegiko alde zaharra (frontoiak erreserbatzeko eta ZKE udalekuentzat). Erabiltzaileak ahalik eta gutxien elkar gurutzatzeko, sektore bakoitzak sarrera eta irteerak bereizita izango ditu.

Bestetik, ikastaroak ere bihar jarriko dira martxan. Gainera, jakinda uda berezia izango dela, uda-kanpainako eskaintza zabaldu egin dute. Momentuz, uztailaren 30a arte luzatuko dira.

Kirol zinegotziak aurreratu zuenez, dena ondo bidean, Fitness gunea (lehen solairuan, pisu libreko gunea izan ezik), igerilekuak (gune termala izan ezik), eta frontoien erreserba aukerak ekainaren 29an zabalduko dira: “Momentuz, %50eko aforoarekin zabalduko ditugu espazio hauek, eta erreserba bidezko sistema aktibatuko dugu horretarako”. Horri buruzko informazio zehatza, datozen egunetan emango dute.

Segurtasun eta higiene neurri guztiak bermatzeko, egun osoan zehar hainbat garbitzaile ibiliko dira eta hidrogela izango da sarrera-irteera ate bakoitzean.