getaria - Elkanoren 500. urteurrena dela eta, bere inguruko eta Urola Kostako itsas kultura aintzat hartuta, Elkano ihes gela ireki berri dute Getarian. EXperientziak taldeak sortu du eta Zarauzko Gela urdina (escape room) irekitzearekin batera, argi zuten ondoko herrian beste bat nahi zutela. Emaitza begi bistakoa da orain. Hau guztia lortzeko buru-belarri ibili da Olaya Landa.

Ihes gelari Elkano izena jarri diozue. Nondik sortu zitzaizuen ideia hori?

-Elkano izena jarri diogu eta badauka pertsonaia horrekin zerikusia baina batez ere, euskal arrantzaleak balorean jarri nahi genituen; horretarako balio izan digu esperientzia hau sor-tzeak. Urola Kosta osoa itsasotik bizi izan da denbora askoan, hori igorri nahi genuen. Azken finean, euskal kulturari garrantzia ematea da gure asmoa.

Eta zerikusia izan du Elkanoren 500. urteurrenak?

-Bai, kontua da bere garaian Xabier Alberdi historialariarekin jarri ginela kontaktuan eta gure ideia azaldu genion. Oso polita iruditu zitzaion eta asko lagundu digu egia esan. Aldi berean, Elkano 500 fundazioaren laguntza jaso dugu. Guztira 50 pertsonatik gora ibili gara honen atzean, elkarlanean sortutako proiektu bat izan da.

Lekua ere berezia da. Getariako Elkano kalean ireki duzue...

-Bai, hori kasualitatea izan da. Lokal baten bila genbintzala eraikuntza-enpresa batek Getariako Elkano kalean bat zeukatela esan ziguten. Ikustera joan ginen eta leku paregabea zela ohartu ginen.

Zein izaten da prozesua horrelako zerbait ireki nahi denean?

-Lehenengo eginbeharra lokala bilatzea da eta ondoren hasten gara historia eraikitzen. Sormen handiko lana da egia esan. Gu, ordea aisialdiko talde bat gara eta helburua beti izan dugu hori aprobetxatuz, kultura helaraztea helduei. Normalean aisialdian haurrekin egiten da lan eta ihes gela hauetan horri buelta bat eman nahi genion.

Horrek ez du esan nahi, ordea, ihes gelak helduentzako bakarrik direnik, ezta?

-Ez, baina adin batetik aurrera egitea gomendatzen dugu. Zarauzko Gela urdinaren kasuan, hamabi urtetik gorako haurrek hartu dezakete parte. Getariako Elkanoren ihes gelan, berriz, bederatzi urtetik aurrerakoentzat aurreikusi dugu. Famili giroan egiteko esperientzia bat da. Jolasaren bitartez bertako kultura helarazteko asmoz sortu dugu.

Horrelako ekimenak sortzen dituzuen bakarrak zarete Urola Kostan...

-Bai, bi bazkide gara: Roberto Chico eta ni neu. Biak betidanik egin dugu lan aisialdiarekin zerikusia duten gauzetan eta bera etorri zi-tzaidan ideia horrekin. Azkenean, aurrera egitea pentsatu genuen. Orain, egindako lana fruituak ematen hasi dela esan genezake.

Eta nolako jarrera ari du izaten herritarrengan?

-Oso ona. Bertan parte hartzen dutenen balorazioa oso positiboa da. Bartzelonan escape room onenei sari batzuk ematen dizkiete eta gurea, horien artean egotea nahi zuten. Aurten aurkezteko ordea, denboraz oso larri ibili gara eta ezin izan dugu. Dena den, etortzen den oro sentsazio onekin ateratzen da eta hori pozgarria da guretzat.

Herri bat. Zarautzen oso gustura bizi naiz.

Mendi bat. Ernio mendia esango nuke.

Hondartza bat. Zarauzko hondartza ikaragarria dela iruditzen zait.

Paisaia bat. Zarauzko malekoian dagoen Shelter tabernaren kanpotik ikusten den paisaia.

Txoko bat. Nire amaren etxeko terraza edo bertan daukadan lantokia.

Festa bat. Zarauzko Santa Klara jaiak.

Jaki bat. Arrautza.

G

ipuzkoatzen