- Gaztea Cover lehiaketako finala izango da hurrengo astean eta Uxue Kerejeta musikari zumarragarra hor egongo da sailkatzea lortu eta gero. Kerejetak duela bi aste Gasteizko Foruen plazan egin zen bigarren finalerdian parte hartu zuen. Finalerdi hori atzo gauean eman zuten ETB1en. Finala hilaren 14an izango da, 22.15ean, ETBren Donostiako estudioetan. ETB1en emango dute, zuzenean. Iruñeako finalerdian sailkatutako hiru musikariek eta Gasteizkoan sailkatutako hiruek parte hartuko dute. Emanaldia Julen Telleriak gidatuko du.

Epaimahaiaren sariaren irabazleak 2.000 euro eramango ditu etxera eta entzuleen sariaren irabazleak 1.000 euro, musika material profesionala erosteko. Epaimahaia Ainhoa Arroitajuregik (iazko irabazleak), Leire Letuk eta Chica Sobresaltok osatuko dute.

Gaztea irratiak iaz jarri zuen abian bertsio lehiaketa hau, musikari hasiberriak ezagutzera emateko eta horiei ateak zabaltzeko. Aurten 120 musikari aurkeztu dira. Kerejetak Xabi Bandiniren Zalantza eta egia kanta abestu du. Bideoa Legazpi dorretxean grabatu zuen, bertako pianoan. Bere bideoa finalerdietarako hautatu zuten eta, aipatu bezala, finalerdia Gasteizen izan zen.

Kerejeta oso gustura dago, noski. "Oso pozik nago, noski. Orain finalerako prestatzen ari naiz. Orain arte Xabi Bandiniren Zalantza eta egia kanta defendatu dut, baina finalerako beste abesti bat prestatu beharra dut. Ezin dut ze abesti aukeratu dudan esan", aipatu du Zumarragako musikariak.

Kerejetak ez zuen finalera sailka-tzea espero. "Gazteizko finalerdian oso urduri egon nintzen eta, gainera, gainontzeko abeslariek oso maila altua zuten. Gainontzeko guztien lana asko gustatu zitzaidanez eta nire buruarekin batere gustura gelditu ez nintzenez, ez nuen finalera sailkatzea espero". Epaimahaiari, ordea, asko gustatu zitzaion Kerejetaren lana.

Zumarragako musikaria trikitilari gisa egin zen ezagun (Andoni Oruesagastirekin batera hainbat sari irabazi zituen), baina beste instrumentu batzuk ere jotzen ditu. Duela bost bat urte gitarra bat oparitu zioten eta coverrak (beste artista batzuen abestien bertsioak) egiten hasi zen. Irailean, berriz, piano ikasketak hasi zituen, Jon Goenaga irakaslearekin. Dagoeneko kon-tzertuak egiteko deitu diote. Gainera, bere abestiak konposatzen ari da. l

Zumarragako musikaria piano ikasketak egiten ari da Secundino Esnaola musika eskolan, Jon Goenaga irakaslearekin