- Gaurtik aurrera bidesariak ordaindu beharko dira A-636 errepidean (Beasain-Bergara) eta bidesari horien aurkako plataformak taldea desegitea erabaki du. Egindako lanaren balorazioa eskaini dute.

Plataformakoek agintarien jarrera kritikatu dute: "Beasain-Bergara autobidea erabiltzen duten ibilgailu arinek 420 euro ordaindu beharko dute urtean. Hurrengo urteetan gehiago ordaindu beharko dute, gainera, igoera dagoeneko onartua baitago. Neurri honek inguruko alkateen oniritzia du: Urretxu, Legazpi, Beasain, Zumarraga... Baita EAJ eta PSE-EE alderdiek udaletan eta batzar nagusietan dituzten ordezkarien oniritzia ere. EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak abstentzioa eman dute bidesaria tramitatzeko garaian, baina azken botazioan aurka bozkatu zuten. PP zen aurkako botoa ematen zuen bakarra, baina azken botazioan alde bozkatu zuen".

Alkateen jarrera kritikatu dute, batez ere. "Beraien alderdien interesak eta beraien interesak herritarren interesen gainetik jarri dituzte".

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuari gezurra esatea leporatu diote: "Bere argudio nagusia Europak bidesariak ezartzea agindu duela da. Hori ez da hala. Ekologia ere aipatu du: bidesariekin errepide zaharra auto gehiagok erabiliko dute eta, hala, CO2 isurtzeak handiagoak izango dira eta herriek kontaminazio akustiko handiagoa jasango dute. Aldundiaren azken argudioa kostuarena da. Gainontzeko azpiegitura guztiek bezala, kostu bat izan du, noski. Baina zenbat zerga ordaindu ditugu azken urte hauetan zehar? Gainera, errepidea egunero 9.000 ibilgailuk erabiliko dutela kalkulatzen da. Argi dago urte gutxi batzutan amortizatuta egongo dela. Bidesaria kobratzeari utziko al diote orduan? Ez dirudi hala izango denik. AP-8a duela asko amortizatu zen eta ez diote bidesariak kobratzeari utzi, besteak beste kudeaketa txar batzuk estali ahal izateko".

Gainera, garraio publikoa behar baino okerragoa dela salatu dute: "Hainbat zinegotzi eta alkatek garraio publikoa erabiltzeko esan digute. Asko gustatuko litzaiguke, baina Urretxu-Zumarragatik Ordiziara joateko, adibidez, orduro bakarrik ditugu autobusak. Eta 50 minutu inguru behar dute bidaia egiteko. Trenari dagokionez, tren batzuk kendu dituzte eta, gainera, askotan atzerapena dute. Arrasatera joateko, berriz, orduro bakarrik dugu autobusa eta ordu bete inguru behar du bidaia egiteko. Udanako obra dela eta, autobusek denbora gehiago behar dute oraindik Arrasatera joateko. Ez dugu alkaterik ikusi autobus eta tren gehiago eta ibilbide azkarragoak eskatzen".

Azken bi urte hauetan plataformak gogor lan egin du: "Bidesaria kobratuko zutela iragarri zutenean, ideia politiko ezberdinetako pertsonek elkartzea eta plataforma sortzea erabaki genuen. Asanbladak egin ditugu, alderdiekin eta sindikatuekin elkartu gara, kontzentrazioak eta manifestazioak egin ditugu, osoko bilkuretan parte hartu dugu, ibilgailuekin karabanak egin ditugu... Horretaz gain, Aldundiak bederatzi bankurekin sinatutako kontratua ezagutzera eman genuen: bertan, Aldundiak bidesariak ezartzeko konpromisoa hartu zuen. Kontratu horretan, bankuek bidesarien igoera zein izango zen ere zehaztu zuten".

Bukatzeko, eskerrak eman dizkiete plataforma babestu duten guztiei: "Seguru aski, gehiago egin genezakeen. Pandemiak gure lana asko baldintzatu du. Horrek amorrua ematen digu, baina ez da hori gailendu behar den sentimendua. Eskerrak eman behar dizkiegu bilera, ekintza eta aldarrikapen guztietan parte hartu duten guztiei. Galera ekonomikoaz gain, neurri bidegabea eta diskriminatzailea dela ulertu eta borrokatu beharra zegoela pentsatu zuten guztiei. Eskerrik asko denei".