- Brinkola inguruko txoriak euren kantuen bidez ezagutzeko ibilbidea aproposa eta zailtasunik gabekoa antolatu du igande honetarako Legazpiko Lekanazpi elkarteak. Parte-hartzaileak Lekanazpi elkartearen egoitzatik irtengo dira, Bikuña Enea plazatik, 9.30ean.

Txoriak ezagutzen lagunduko duten azalpenak Joseba Valdes Etxeberria gazteak emango ditu. Valdes durangarra da, baina asteburutan Brinkolako Agirrezabal baserrira etortzen da. "Basozain bati deitu behar genion, baina taldeko batek gazte honi deitzea aholkatu zigun. 21 urte bakarrik ditu eta gazteak balorean jarri nahi ditugu, beraiei buruz gaizki esaka aritzeko ohitura baitago. Besteak beste, hiru habi erakutsiko dizkigu", azaldu dute Lekanazpikoek.

Ekitaldi hau adin guztietako herritarrei zuzendua dago. Antolatzaileek prismatikoak eramatea gomendatu dute.

Azalpenen saioak ordu bete inguruko iraupena izango du. Ondoren, parte-hartzaileek hamaiketakoa egingo dute Bergaretxe Geltokian. Lekanazpik jana eta edana jarriko ditu.

Lekanazpik ekitaldi asko antolatu ditu azken bi urteetan eta bide horretatik jarrai-tzeko asmoa dute. Ekainaren 16an Legazpiko hiru haragi ekoizlerekin solasaldia egingo dute Bikuña Enea plazan. Zufiaurre, Lakiola eta Urtatza baserrikoek salmenta zuzena egiten dute eta beraien lanari buruz hitz egingo dute. Ondoren, haragi dastaketa egingo da. Saiheskia, hanburgesak eta txistorra jango dute. Parte-hartzaileak launaka eserita egongo dira, koronabirusaren aurkako neurriak betetzeko.

Uztailaren 14an, berriz, musika, umore eta dantza ikuskizuna egongo da Euskal Herria plazan. Artista guztiak Legazpikoak izango dira. Ekitaldi honetan ere ikusleak launaka eseriko dira.