- Urretxuko udal liburutegiak 50 urte beteko ditu aurten eta urteurrena ospatzeko orri-marka-tzaile lehiaketa bat antolatu dute. Ia 700 lagunek parte hartu dute. 15 urtetik gorakoen mailan, Izaro Ramirez Ruizek lortu du saria. 14 urtera artekoen artean, berriz, lan onena Maren Perez Prietok aurkeztu duena izan da. Lehiaketara aurkeztutako lanak liburutegian ikusgai egongo dira aste osoan zehar.

Urretxuko liburutegia 1971ko irailean inauguratu zen, bere garaian kartzela izan zen udaletxeko aretoan. Lehen liburuzaina Segundo Calvo izan zen, ikastetxe publikoko maisua.

Urretxuko liburutegia kartzela zaharretik Juan XXIII ikastetxera pasa zen. Ordurako, Eugeni Mallea zen liburuzaina. Mallea 1979an hasi zen liburutegian lanean. 1987an Koldo Argandoña elkartu zitzaion. Argandoña Juan XXIII ikastetxean hasi zen lanean, baina berehala liburutegia kultur etxe egin berrira pasa zen.

Liburutegia Urrelur museoa dagoen tokian egin behar zen, baina azkenean hirugarren solairuan kokatu zuten. Liburutegia kultur etxean jartzea erabaki zuzena izan zen, herritarrak kultur etxe sortu berrira hurbiltzeko balio izan baitzuen. Baina hirugarren solairuan kokatzea hankasartzea izan zen: kultur etxeak ez zuen igogailurik oraindik eta adinekoak ezin ziren liburutegira joan.

1995ean Malleak erretiroa hartu zuen. 1998an, berriz, liburutegia egungo tokira pasa zen. Urte hartan bertan, Argandoñak Ane Arana liburuzainari pasa zion lekukoa.