- Aho batez onartu ditu Zumarragako Udalak anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunearen (EAG) eta ostalarien aldeko mozioak. Osoko bilkuran EAGren aldeko plataformako kideek eta ostalariek ere parte hartu zuten.

Anbulatorioko EAGk Ezkio, Gabiria, Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako bizilagunei ematen die zerbitzu. Martxoan Osakidetzak itxi egin zuen, koronabirusak sortutako larrialdi egoerari hobeto aurre egiteko. Urrian berriro ireki zuten, baina ez lehengo baldintzetan. Itxita dagoenean, pazienteak telefonoz artatzen dituzte eta Beasainera edo Zumarragako ospitalera bideratzen dituzte. Hori dela eta, herritarrek plataforma bat sortu zuten. EAG egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzea eskatzen dute.

Asteartean, zinegotziek plataformaren eskaerak bere egin zituzten: osasun arloko murrizketarik ez onartzea eta EAGren aurreko egoerara itzultzea (eguneko 24 orduetan irekitzea), eskualdearentzat funtsezko zerbitzua delako. Horretaz gain, Osasun sailburuari eta ardura duten erakundeei EAG egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzeko eman behar diren urratsak emateko eskatuko diete.

Ostalarien mozioa ere alderdi guztiek onartu zuten. Mozio horretan merkataritzak, ostalaritzak eta turismoak egoera bereziki gogorra bizi dutela aitortzen da eta instituzioek ostalariei laguntzeko hartutako neurriak lagungarriak izan direla aipatzen da. Dena den, laguntza gehiago onartu behar direla onartzen da.

Hori dela eta, udalak gainontzeko instituzioekin laguntza gehiago adosteko konpromisoa hartzen du. Baita ostalariekin elkartzen jarraitzeko konpromisoa ere. Horretaz gain, dendariei eta ostalariei koronabirusari aurre egiteko egin dituzten inbertsioak ordaintzen laguntzeko konpromisoa hartzen du.