Azpeitia | Euskalitek hizkuntza-kudeaketan praktika onak ikusgarri jartzeko proiekturako aukeratu du Artxara kooperatiba

31.07.2021 | 00:47
Azpeitiko Udaleko eta Elegune zerbitzuko ordezkariak Artxara kooperatibako kideekin. Argazkia: N.G.

Elikagunea dendara gertura-tzen direnek bertako eta kalitatezko produktuak erosteko aukera izaten dute; bertako hizkuntza erabilita. Izan ere, Elikagunean produktuen eta zerbitzuen inguruan bezeroari eskainitako informazio guztia euskaraz agertzen da eta bertako lan-taldeak beti egiten du lehen hitza euskeraz.

Hori dela eta, Elikagunea kudeatzen duen Artxara Kooperatibak iaz eskuratu zuen ebaluazio baten ondoren Eusko Jaurlaritzak ematen duen eta euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duen Urrezko Bikain ziurtagiria (Euskararen Kalitate Ziurtagiria maila altuenean).

Hori gutxi balitz, Artxarako zazpi langileek orain dela egun batzuk jakin dute Euskalitek –Kudeaketa aurreratuaren erakundeak–, hizkuntza-kudeaketan praktika onak dituzten erakundeen zabalkundea egiteko abian jarriko duen proiektu berri baterako hautatu dutela kooperatiba. Bere euskara-planaren baitan praktika onak daudela iritzi diote eta aukeratua izan da beste erakunde aurreratuenen artean praktika onak identifikatu eta webgune batean erakusteko.

Gauzak horrela, "merkataritzan eta lan munduan ere euskararen normalizazioan aritzeagatik" eskertu ditu Udalak Artxara Kooperatibako kideak. Nagore Alkorta alkatea, Ainara Larrañaga Euskara Batzordeburua eta Nerea Arexolaleiba Elegune, enpresetan euskara planak egiteko Udalak eskaintzen duen zerbitzuko teknikaria, Elikagunea kudeatzen duen Artxara Kooperatiban izan dira aste honetan, beti ere, "euskararen alde egiten duten lana eskertu eta errekonozitzen".

Kooperatibako kideen hitzetan, "orain arte euskararen normalizazioan egindako lanaren ebaluazioa jaso dugu: batetik, egindako lanaren errekonozimendua da, eta bestetik, ondo egindakoak eta hobetzeko ditugunak identifikatzeko balio izan digu".

Udaleko ordezkarien ustetan, "txalotzekoa, baloratzekoa eta eskertzekoa da Artxarak egiten duen lana eta euskararen aldeko inplikazioa".

Azken batean, euskararen bihotzean dagoen eta euskara bihotzean duen kooperatiba da Artxara.

noticias de noticiasdegipuzkoa