- Larunbat honetan Soreasu antzokian ospatuko den San Josetako trikitixa jaialdiaren XXXI. edizioa aurkeztu zuten atzokoan Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek.

Bizi dugun pandemiaren ondorioz antzokiko edukiera mugatuta dagoela eta, aurtengoan bi saio egingo dira (16.00 eta 19.00etan). Hori bai, Internet bidez salgai jarritako sarrerak 48 ordutan agortu ziren "baina datozen asteetan ETBk saioa eskainiko du", aurreratu dute antolatzaileek.

Edonola ere, aurtengoan emakumeak izango dira protagonista taula gainean. Ainara Larrañaga Kultura batzordeburuak esandakoari eutsiz, "belaunaldi desberdinetako emakume trikitilari izango dira oholtza gainean zapatuan". Ildo beretik, Ibon Errazu antolakuntza taldeko kideak emakumeen presentzia nabarmendu zuen: "Urtero saiatzen gara sekula jaialdian izan gabeko trikitilariak taularatzen, eta aurten, beste urteren batean motz geratu izana orekatu asmoz, emakumeen presentzia nabarmena izango da".

Hala, jaialdian ondorengo bikoteek hartuko dute parte: Alaitz Roteta eta Ainara Saizar; Irma eta Amets; Araitz Etxaniz eta Elaia Diez; Lurdes Alkorta eta Mailu Sudupe Egurrola eta Lidia eta Leire. Beraiekin batera Xabi Solano, Kristina Solano eta Txus Aranburu osatutako hirukotea eta Fan&GO taldea ariko dira.