- Zestoako Udal kiroldegiak datorren urterako bazkidetza kanpaina jarri du abian eta herritarrek dagoeneko dute kiroldegiko bazkide egiteko aukera.

Udaleko Osoko bilkurak 2021erako onartu zituen ordenantza fiskalen arabera, aurtengo prezioak mantenduko dira martxan dauden bazkide-kategoriatan. Dena den, Udalak jakinarazi du 2021erako hainbat bazkide-kategoria gehitu zaizkiela aurrez zeudenei eta bestelako berrikuntzak ere egongo direla.

Hori dela eta, langabezian dauden herritarrek, elbarritasunen bat dutenek eta gutxieneko diru-sarrera batera iristen ez diren alargunek hobaria izango dute. Era berean, urte osoko bazkidetza egitean, urte sasoiaren arabera, ordainketa proportzionala izango da. Ondorioz, "martxotik aurrera bazkide egiten direnek dagokien tarifaren zati proportzionala ordainduko dute".

Berrikuntza gisa, datorren urtean 12 eta 15 urte bitarteko gazteei aukera emango zaie bazkide egin eta kiroldegiko hainbat instalazio erabiltzeko, eta haur gaztetxoagoak dituzten familiek euren seme-alabekin hainbat areto erabili ahal izango dituzte. Gazte ordua eta Familia ordua jarri zaie izena zerbitzu hauei eta ordutegi eta espazio mugatuak izango dituzte.

Edonola ere, Zestoako Udal kiroldegiko bazkidetza mota bakoitzari dagozkion tarifak (eta hainbat espazioren alokairuagatikoak) ezagutzeko interesa dutenek zestoa.eus web gunean begira dezakete.

Gabonak direla eta, Zestoako kiroldegia goizez bakarrik irekiko da hilaren 31n eta urtarrilaren 5ean (9.00etatik 13.00etara bitartean). Urtarrilaren 1ean eta 6an, berriz, itxita egongo da.