- "Bailarako bertso mugimenduari bultzada emateko" asmoz, Erniarraitz bertsozale elkarteak Bertso Urtie egitasmoa antolatu du. Hortaz, bertsolaritza gustoko duten Urola Erdiko bizilagunek beren zaletasunaz disfrutatzeko aukera ugari izango dituzte datozen hilabeteotan eskualdetik irten gabe. Horri esker hilean bertso saio bat egingo da eskualdeko herri batean. Bertso saioak Azkoitian, Azpeitian, Zestoan eta Errezilen izango dira, txandaka, eta lehenengo bi emanaldien lekuak eta datak zehaztu dituzte jada.

Hala, Erniarraitzek martxan jarritako Bertso Urtie ekimenari hasiera ona emateko goi mailako saioa izango da azaroaren 28an (18.00etan) Azkoitiko Elkargunean. Bertan Andoni Egaña, Maddalen Arzallus, Nerea Elustondo eta Beñat Lizaso bertsolariak arituko dira kantari, gai-jartzaile lanetan Ane Ezenarro izango delarik.

Azkoitiko bertso-saiorako sarrerak aurrez erosi ahalko dira Elurre okindegian (zortzi eurotan); eta emanaldiaren egunean bertan Elkargunean (hamar euroren truke).

Egitasmo honen bigarren saioa, berriz, abenduaren 20an egingo da (18.00etan), Azpeitiko Soreasu antzokian. Erniarraitz bertsozale elkarteak urtero antolatzen du Txapel-en omenezko jaialdia eta aurten abenduaren 20ko saioa izango da Euxebio Eizmendi (Errezil 1893 - Azpeitia 1969) bailarako bertsolari handia izan zena gogoratzeko hitzordua.

Soreasu antzokiko oholtzan egingo den emanaldi horretan Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Jone Uria, Eli Pagola eta Jokin Uranga bertsolariek parte hartuko dute, gaiak jartzeko ardura Maddi Labakak izango duelarik.

Erniarraitzeko lagunek zaletu guztiak animatu nahi dituzte "bailarako bertso mugimenduari pandemiak eman dion kolpea arintzeko" prestatu duen egitasmoaren saioetara gerturatzeko: "egoerak eskatzen dituen neurriak hartuta egingo dira".