- Udaletik gogorarazi dutenez, azken urteotan Urola ibaiaren garbiketa egin izan da urtero herriko ikasle eta boluntarioen bidez "sentsibilizazio ekintza gisa" baina, koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz, aurtengoan ezinezkoa izan da ekintza hori aurrera eramatea.

Hala ere, herria aldez alde (eta erdi erditik) zatitzen duen Urola ibaiaren garrantziaz jakitun, Azpeitiko Udalak ibaiaren garbiketa sakona egitea erabaki zuen. Dagoeneko Udalak amaitutzat eman ditu Urola ibaiarekin bat egiten duten Ibaieder eta Errezil errekak sakon garbitzeko urriaren hasieran martxan jarri zituen lanak. Hauek Txukun lorazantza enpresaren bidez egin dira eta Udalak 15.543 euroko aurrekontua bideratu du horretarako.

Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak azaldu zuenez, "ibaia garbiago izateko lanketa egiten aritu gara herritar talde batekin, eta Errezil eta Ibaiederren garbiketa sakona egitea ekintza egokia izan zitekeela iruditu zitzaigun".

Burututako ekintza horrekin Udalak ibaia eta bere ingurua balioan jarri eta babestu nahi izan du.