Mintzalagun programaren XI. edizioa abian da Azkoitian

Euskara praktikatzeko eta lagun berriak egiteko gogoa dutenek ostiralera arte eman dezakete izena

04.11.2020 | 01:11

Azkoitia – Pandemiak baldintzatutako egoera berezian bada ere, Azkoitiko Udalak eta AEK euskaltegiak Mintzalagun egitasmoaren XI. edizioa jarri dute abian, nahi duten guztiek lagun artean euskara praktikatzeko aukera izateko.

Aurtengo Mintzalagun programaren zabalkunderako kaleratutako kanpainaren leloak dioen bezala, ekimena "euskara praktikatzeko eta lagun berriak egiteko aparteko aukera" da. Mintzalagun taldeak astean ordubetez batzen dira mintzapraktika egiteko, eta parte hartzaileek batzeko tokia eta ordutegia aukeratzen dute.

Bizi dugun egoera berezia dela eta, Mintzalagun taldeetan eta ekitaldietan beharrezko prebentzio neurri guztiak hartuko dira eta aurrez aurreko eskaintza osatzeko mintzapraktikaonline taldeetan parte hartzeko aukera egongo da.

Edonola ere, Mintzalagun programan aritzeko izena ostiralera arte eman daiteke AEK-n (607 612 697 zenbakia) edo Udaleko Euskara zerbitzuan (943 857 175). Partaidetza dohanekoa da eta mintzalagunek hainbat abantaila dituzte.