- Uztailea honetan, Azpeitiko haur eta gazteen aisialdira begira hainbat ekintza antolatzea erabaki du Udalak. Adin tarte desberdinei zuzenduriko ekimenak izango dira, eta astero ekintza batetaz gozatzeko aukera izango dute, bost astez.

Uda berezi honetako aisialdiko eskaintza gaur abiatuko da eta aurrerantzean "4 eta 8 urte arteko haurrak dituztenek familian egiteko ekintza bat izango dute astearte arratsaldeetan; 8 eta 12 urte artekoentzako ekintzak asteazken goizetan egingo dira eta 12 eta 16 urte artekoentzat ostegun goizetan". Hamasei eta hamazortzi urte artekoek, berriz "Gaztelekuko hezi-tzaileekin planak adostuko dituzte, talde txikietan egiteko".

Ekintza puntualak izanik, horietako bakoitzerako eman beharko da izena. Ekintza guztietarako izen-ematea irekita dago eta "ekintza egin aurreko ostiralera bitartean egin daiteke". Izena azpeitia.eus webgunean kokatutako formulario bidez egin behar da baina horretarako aukerarik ez dutenek Gazte Informazio Bulegoaren 943 157 160 telefono zenbakira deituta (10.00etatik 12.00etara bitartean) ere dute horretarako aukera.

Udalak jakinarazi duenez, "ekintzetan aritzeko parte-hartzaile mugarik ez bada ere, ekintzaren batean uste baino jende gehiagok izena ematen badu beharrezko txandak egingo dira, jende pilaketarik ez gertatzeko eta baliteke ordutegi desberdinak izatea".

Familian egiteko ekintzei dagokionez (HH5 LH6 arteko haurrekin), Oztopo zirkuitua (uztailak 9), zumba (14an), Sakona etxaldera bisita (21ean) eta Xaguxatar ibilbidea (28an) izango dira; LH3- LH6ko haurrentzako oztopo zirkuitua (9an), txirrindularitza (16an), eskalada (23an) eta Xaguxatar ibilbidea (30ean) egongo dira eta DBHko gaztetxoentzako oztopo zirkuitua (10ean), zumba (15ean), eskalada (22an) eta eskulanak (29an).

Ez ohiko egoera honetan, ekintzaren hitzordura maskarilla jantzita etorri beharko dute parte-hartzaileek eta ekintzetan 1,5 metroko distantzia mantenduko da. Era berean, ekintza hasterako gorputzeko tenperatura hartu eta eskuak garbitu beharko dituzte parte-hartzaileek.