- Azpeitiko Lagun Onak mendi bazkunak 2021ean ospatuko duen 75. urteurrena prestatzeari ekin dio jada. Hasteko, mendizaleen elkarteak 75. urteurreneko ekitaldi eta egitasmoak irudikatuko dituen logotipoa aukeratzeko lehiaketa abiatu du.

Sariketan nahi duten guztiek parte har dezakete (bakarka edo taldean) baina parte-hartzaile bakoitzak egoki ikuste duen teknikarekin prestatutako lan bakarra (originala eta berria) aurkeztu ahalko du.

Mendizaleen elkartetik jakinarazi dutenez, "Lagun Onak M.B., 75 URTE leloa agertzea nahitaezkoa izan ez arren, irudiak hori adierazi edo ulertzera eman beharko du". Era berean, epaimahaiak Lagun Onak mendi bazkunaren kolore korporatiboen erabilera (zuria, gorria eta berdea) baloratuko du lehiaketaren irabazlea aukeratzerakoan.

Edonola ere, lehiaketarako proposamenak ekainaren 30era bitartean aurkeztu ahalko dira (paperean eta euskarri digitalean) mendizaleen tabernan (oinarriak lagunonakmb.org web gunean daude) eta irabazleak "urtemuga ospatzeko aterako den arropa sorta bat eta 300 euro" jasoko ditu sari gisa.

Mendizaleek egitarau zabal batekin ospatu nahi dute 75. urteurrena eta hori prestatzeko herritarren proposamenak jaso nahi dituzte lagunonakmb@hotmail.com helbidearen bitartez.