- Azkoitiko herri ekimenak, Gurutze Gorriak eta Udalak adinekoak eta zaurgarritasun egoeran dauden herritarrak laguntzeko elkarlanean sortutako elkartasun sarea prest dago, koronabirus aurrean segurtasuna bermatzeko protokoloa zehaztu ondoren,

Udaletik jakinarazi dutenez, eratu berri den sare honen bitartez "zaurgarritasun egoeran daudenei edota 65 urtetik gorako pertsonei lagundu nahi zaie, betiere senide, lagun edo bizilagunen laguntza izateko aukerarik ez badute".

Solidaritate sareak "elikagaiak eta oinarrizko higiene eta garbiketa produktuak" erosi eta etxera eramango dizkio zerbitzuaren erabiltzaileari. Baina ez hori bakarrik, taldeko lagunak (Gurutze Gorriko kideak eta bolondresak) "zaborra ateratzeaz, preskribatutako medikamentuak hornitzeaz eta urgentziazko kudeaketak egiteaz" ere arduratuko dira.

Edonola ere, "une oro bermatuko da boluntarioaren eta zerbitzuaren onuradunaren arteko kontaktu zuzenik ez egotea".

Laguntza behar duten azkoitiarrek Udaleko Gizarte sailaren 943 857 174 zenbakira (astelehenetik ostiralera, eta 9.00etatik 15.00etara bitartean), Gurutze Gorriko 945 222 222 zenbakira edota Caritaseko 688 662 773 telefonora dei dezakete, beren egoera azaldu eta datu pertsonalak emateko.

Horren ondoren Udaleko gizarte langileak kasua aztertuko du eta zerbitzuaren onuraduna izan daitekeela ondorioztatzen bada bere datuak Gurutze Gorrira bideratuko ditu, baita ere behar duen laguntza mota.

Hortik, Gurutze Gorria onuradunarekin jarriko da harremanetan eta adieraziko dio noiz gerturatuko den boluntarioa bere etxera, "behar duen erosketa zerrenda eta hori ordaintzeko dirua (eta osasun txartela beharrezkoa balitz) jasotzera". Erosketa egin ondoren, boluntarioak erosketa eramango dio.