Tolosa: Aurrekontuak tolosarrekin lantzeko saioa antolatu da

Metodologia berria jarri du aurten martxan Tolosako Udalak eta herritarrekin azken saioa azaroaren 3an izango da

29.10.2021 | 00:07
Tolosako argazki orokor bat. Argazkia: M.S.S.

Tolosa – Udalaren eta herritarren arteko elkarrizketa urte osora zabaltzeko eta udal aurrekontuak modu parte hartzaileagoan lantzeko helburuarekin, aurrekontuak lan-tzeko metologia berria martxan jarri du aurten Tolosako Udalak. Bide honetan, azken saioa azaroaren 3an, 18.00etatik 20.00etara kultur etxeko areto nagusian izango da.

Egitasmo zehatzen inguruan jardun baino, unean uneko erronkak edo beharrak aztertzeko helburuarekin abiatu da metodologia berria, indarrak non jarri eta lehentasunak zein diren elkarlanean identifikatze aldera.

Gauzak horrela, lehenik eta behin udal gobernuak datorren urterako fokoak zehaztu zituen eta horiek teknikariekin kontrastatu eta osatu ziren, ondoren, gainerako alderdi politikoei aurkezteko, ekarpenak egiteko aukera emanez. Azkenik, ekainean herritarrekin partekatu ziren indar-foko horiek tolosarren ekarpenak ere jasotzeko.

Denbora honetan, jasotako ekarpenen baitan entzute ariketa egin da udal sail desberdinen aldetik eta orain, herritarrekin egingo den saio berrian, udal barruko lanketaren berri emango da. Lan hori aberasteko eta osatzeko ko-sorkuntza ariketa egingo da, dagoeneko udaletik aurreikusia dauden proiektuetatik eta zehaztutako fokoetatik abiatuta.

Orain arte landu denari eta jasotako ekarpenei erreparatuz, tolosarrek 2022. urtean arreta berezia honako esparruetan jartzea eskatu diote Udalari: administrazioaren arintasuna eta gerturatze beharra; zain-tza komunitarioa eta adinartekotasuna; osasun eta bizi ohiturak; gazteak; bertakoa, Tolosakoa; aldaketa klimatikoa; eta indarkeria matxista eta LGTBI-fobiak.

Azaroaren 3koa lan saio irekia izango da eta bertan parte hartuko dute udal teknikariek, udal ordezkari politikoek eta herritarrek.

noticias de noticiasdegipuzkoa