- Pandemiarengatik Anoetako festak ez ospatzea erabaki arren, arau guztiak betez herriko kultur eskaintzari eusteko apustua egin du Udalak. Hain zuzen, maiatzerako antolatutako kultur eskaintzak ez ezik, ekainerako ere kultur egitarau berezia antolatu dute.

Anoetako Pello Estanga alkateak azaldu zuenez, bi ondorio nagusi jaso zituzten iaz martxan jarritako hausnarketa-prozesuan: batetik, jaiek "izaera parte hartzaileagoa" berreskuratu behar zutela, herritarrak protagonista izango zituena eta ez kontsumitzaile. Bestetik, ekintzak antolatzeko garaian sentsibilitate berezia duten sektoreak, kontuan izatea ere ezinbestekoa zela, "herritarrek nahi duten Anoeta" lortzeko bidean. Prozesu horren emaitza da datozen bi hilabeteetan herrian kulturaz gozatzeko herritarrek izango duten aukera.

Egitaraua osatzerako garaian, ahalegin berezia egin dute askotariko izaera duten ekintzak antola-tzen. Hala nola, ikuskizunak, tailerrak eta kirol ekitaldiak, besteak beste. Kasurako, nekazaritza ekologiko, zirku- eta baratza-tailerrak. Bestetik, jende pilaketak ekidin eta herriko txoko ezberdinak biziberritu asmoz, plaza deszentralizatu eta espazio berrien aldeko hautua ere egingo dute.