- Tolosaldeako Lehiakortasuna eta Berrikuntzarako Foroak, beste urte batez antolatu du IKT Astea, bihar hasi eta urriaren 23ra bitarte. Zortzi ikastaro antolatu dira guztira, goizez eta arratsaldez, informazio eta komunikazio teknologien inguruan. Webguneen errentagarritasuna, datuen kudeaketa, produktibitatea, marketin digitala, zibersegurtasuna edo sare sozialen erabilerari buruzko ikastaroak egin ahalko dira, besteak beste.

Enpresa industrialez gain, eskualdeko merkatari eta herritar guztiei zabalduta dago. Aurtengo egoera dela-eta, goizez emango diren ikastaro guztiak online izango dira. Eguerdian diren ikastaroak Villabonako KZ Gunean izango dira, eta arratsaldeetakoak, Lehiberri Zentroan. Ikastaroetan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea: lehiberri@tolosaldea.eus edo 943 654 501.