- Pello Mari Otaño 1857an jaio zen, Zizurkilgo Errekalde baserrian, eta orain bertsolari zizurkildarrari buruzko filma egingo dute. Patxi Bisquert izango da aktorea eta ekimenaren susta-tzaile nagusia, eta hamar euroko ekarpena egiteko aukera izango da proiektuari laguntzeko. Bere bizitzako azken bi hamarkadak izango ditu oinarri filmak. Patxi Bisquerten hitzetan, "ziur aski, horiek izan ziren Otañoren urterik emankorrenak; 1890tik 1910a bitartekoak. Urte garrantzi-tsuak bizi ziren gure gizartean. Foruen desagertzeak, kalte izugarriak eragin zituen Euskal Herrian. Gure ekonomia hankaz gora zegoen, gazteak erbesterako bidean edo Amerikak egitera behartuta. Euskal Herriko egoera politikoa aztoratua zegoen. Urte zoragarriak dira filmatzeko. Giro hori guztia erretratatzeko. Gainera, gure zinegileen aldetik oso gutxi tratatua".

Filmak sortuko dituen gastuei aurre egiteko "auzolanaren beharra" azpimarratu zuen Bisquertek. Hala, hamar euroko ekarpena egiteko aukera izango da ekimena bultzatu ahal izateko, eta trukean filma ikusteko sarrera bat eskuratuko dute herritarrek. Maite Amenabar Kultura zinegotziak herritarrak animatu ditu diru-ekarpenak egitera eta helburua 30.000 euro lortzea izango dela adierazi du.

Pello Mari Otaño bertsolaria baino askoz gehiago izan zela esan du Joxi Azkue Teodoro Hernandorena Kultur Elkarteko kideak. Informazio gehiago nahi duenak hernandorena.eus web orrian aurki dezake.

Aurrerantzean, hitzaldiak eskaintzeko asmoa du Patxi Bisquertek herri ezberdinetan barrena, ekimena aurkeztu eta laguntza-sarrerak saltzeko. Ondo bidean, 2022an izango da ikusgai Ombuaren itzala filma.