- Euskal Herria kaleko bi gunetan 20 minutuko aparkaldiak hasiko dira gaurtik aurrera. Beharrezkoa izango da erabiltzaileek tiketa ateratzea, baita egoiliarrek ere, nahiz eta doako izango den.

TAOa arautzen duen ordenantza berria gaur jarriko da martxan Ibarran. Honi esker, Euskal Herria kalean aparkaldi laburreko bi gune ezartzea beharrezkoa ikusi da, ibilgailuen eta herritarren errotazioa bermatzeko. Modu honetara, Ibarrako Udalak uste du erosketa arinak burutzeko tartea eskaintzen zaiela herritarrei, eta maiztasunez ibilgailuen aldaketak emango direla. Gaurtik aurrera indarrean jarriko den neurri hau merkataritza sustatzeko bidean Udalak ematen duen beste pauso bat da.

Aparkaldia 20 minutukoa da eta doakoa izango da, baina erabiltzaileek tiketa atera beharko dute, denbora tarteak azkarrak izatea bermatzeko. Tiketa, egoiliar txartela dutenek ere atera beharko dute.

Euskal Herria kaleko 12 ABCDE zenbakien parean eta 37,39 eta 41 zenbakien parean ezarri dira. Gune hauek, gainerako aparkalekuetatik lurrean 20' markarekin daude bereizita.

Gainerako aparkalekuei dagokienez, anbulategi parekoak ere gune horretan sartzen dira, eta kasu honetan ere merkataritza sustatzeko helburuarekin, lehenengo 20 minutuak doakoak izango dira. Tiketa atera beharko da, baina egonaldiaren lehen 20 minutuak doakoak izatea bideratuko du makinak. Aparkaleku hauetan egoiliarrek ez dute tiketa atera beharko, beraz, 20 minutuko aparkaldi guneetan bakarrik atera beharko dute tiketa egoiliarrek.