- Kultur ekitaldiak, kirol probak edota aisialdiko ekintzak eta, orokorrean, asteburu honetarako eta datozen egunetarako iragarrita zeuden ekintza guztiak bertan behera geratu dira koronabirusaren larrialdiak eragindako egoeraren ondorioz.

Hala, esaterako, biharko deituta zegoen Larraul-Ernio-Larraul lasterketa bertan behera geratu dela jakinarazi zuten atzo antolatzaileek.

Villabonan ere antolatutako ekitaldiak erortzen ari dira. Hala, Behar Zana elkarteak gaurko antolatua zuen Berdel eta Pilota Eguna ez da egingo segurtasuna bermatze aldera.

Villabonan ere kultur programazioa eta kultur ekintza eta ikastaro guztiak, kontrakoa ezartzea erabaki arte, etetea erabaki dute. Era honetan, martxoaren 17rako iragarrita zegoen operako sarreren dirua itzuli egingo da erositako tokian, sarrera erakutsita. Antolatuta dauden gainerako ekintzen sarrerei dagokienez, Villabonako Udalaren asmoa da aurrerago egitea. Beraz, sarrerek balioko dute data berrirako. Hala eta guztiz ere, dirua berreskuratu nahi duenari itzuliko zaio.

Eskualdeko herri guztietan erabilera publikorako diren udal eraikinak itxita geratuko eta ezingo da inongo jarduerarik egin bertan. Hala, kultur etxeak, kiroldegiak, zaharren elkarteak, gaztelekuak, liburutegiak, euskaltegiak, musika eskolak eta udalek eragileei zein elkarteei utzitako lokal guztiak itxita egongo dira.