Alegia - Datorren urtarrilaren 27an Alegia 1936-1945 errekreazio historikoari buruzko aurkezpen bilera irekia egingo da. Egitasmoaren arduraduna den Iñigo Gastesik zuzenduko du saioa, 19.00etan, kultur etxean.

2019ko martxoan aurkeztu zen Alegia, Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan 1936-1945 liburua Ione Zuloaga Historian graduatuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariak idatzi zuen. Artxiboko lanak egiteaz gain, egileak hainbat alegiarren testigan-tzak biltzen zituen eta, beraz, Gerra Zibilean eta ondorengo frankismoan Alegian bizitako zapalkuntza eta errepresioak jaso ditu liburuan.

Liburu horretan oinarrituta, garai berean kokatzen den errekreazio historiko bat egiteko asmoa dago orain Alegian. Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Alegiako Udalak elkarlanean egindako proiektua izan zen liburuarena eta hari horri jarraituz, jatorri alegiarra duen Iñigo Gastesi aktoreak errekreazio historiko bat ondu du. Esan beharra dago Joxe Gastesiren biloba dela Iñigo eta aitonari entzundako kontuetan eta aipatutako liburuan oinarrituta prestatu du nagusiki errekreazioa.

Egitasmoa alegiarren aurrean aurkezteko asmoz, urtarrilaren 27an aurkezpen ireki bat egingo da. Iñigo Gastesi bera izango da bertan eta errekreazioaren nondik norakoen berri emango die bertaratzen diren herritarrei.

Hiru eszena nagusi izango ditu hiru kokaleku zehatzetan eta herritarren parte hartzea ere ezinbestekoa izango da. Proiektuaren xehetasunak ezagutzeko aukera eskainiko du aurkezpenak. - M.S.S.