- Haurren eta nerabeen eskubideen aldeko nazioarteko eguna ospatzen da mundu osoan azaroaren 20an. Data hau oso esanguratsua da Pasaiarentzat eta horregatik aste honetatik abenduaren hasiera arte iraungo duen egitaraua osatu du.

Ekitaldiak liburutegiek antolatutako ipuin kontaketekin hasiko dira. Honela, gaur San Pedroko liburutegian Patata Tropikala taldearen Amona Joxeparen istorioak emankizuna burutuko da. Bihar Donibaneko Ubera liburutegian, Patata Tropikala taldeak Enperadorearen kondaira eskainiko du.

Azkeneko lan hau ikusteko aukera ere egongo da Antxoko kultur etxean, azaroaren 24an, eta Trintxerpeko alkateordetzan, azaroaren 26an. Emanaldi guztiak 17.30ean hasiko dira.

Antolatzaileek azpimaratu dutenez, beste ekitaldi bat Antxo eta Donibanen egingo diren jolastegia familia tailerra eta serigrafia tailerra dira. Bina saio egongo dira. Jolastegia azaroaren 22an Antxoko kultur etxean eta 29an Donibaneko Ubera liburutegian burutuko da eta hiru eta bost urte bitarteko haurrei eta hauen gurasoei zuzenduta dago. Serigrafia, aldiz, zazpi urtetik gorakoentzat aurreikusia dago. Eskolak azaroaren 23an Donibaneko kulturgunean eta 29an Antxoko kultur etxean eskainiko dira. Saio guztiak 17.30ean hasiko dira.

Plazak mugatuak direnez, horietan parte hartzeko izena eman behar da. Horretarako, email bat bidali daiteke eskubidean@pasaia.net helbidera edo pasaia.eus webgunean aurkitzen den formularioa bete.

Egitarauko jarduera batzuk haur eta nerabeek haien parte-hartze sistemaren bitartez proposatutakoak dira eta beste batzuk Eskubidean herri proiektuaren baitan sortu dira, zehazki, Udalak, hezkuntza komunitateek eta Udaleko hainbat zerbi-tzuk elkarlanean garatuak.

Bestalde, aurtengo ospakizunetan tratu onari garrantzia berezia eskaini nahi diote: "Izan ere, osasun egoerak zerbait erakutsi badigu, hori da elkarren zaintzan eta tratu onean hezi behar dugula".