- Oiartzungo Altzibarko erdiguneko berrurbanizazio lanak egin ahal izateko prestaketak egin ondoren, gaur auzoko bi gunetan hasiko dira lanak: Klarene plazan eta Martintxo kalean.

Klarene plazan, euri-uren biltzailea, argiteria eta zoladura lanak egingo dira. Hilabete inguruko iraupena izango dute lan hauek eta, tarteka, Urkabe-Alde eta Klarene plaza lotzen dituen oinezkoen zubia itxiko da.

Bestetik, Martintxo kalean Albistur jatetxetik Altzibarko zubirako zatian saneamendu-hoditeria eta euri-uren biltzaileak bideratu, hornikuntza harguneak berritu, energia elektriko, telekomunikabide eta argiteriaren sareak eguneratu eta zoladura lanak egingo dira. Lan hauek bi hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten da.

Lanek iraun bitartean, kale eremu horretan dauden bost aparkaleku ezereztuko dira. Garajeetarako sarbideak bermatuko dira.

Lanbarren eta Arkale arteko GI-3632 errepidearen zati bat erori zen urtarrilaren 31ko goizaldean. Orain, konpoketa lanak martxan daude eta Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lanbarren Parke Logistikoa SAk elkarrekin egingo diote aurre gastuei, GI-3632 errepidea Foru Aldundiaren eskumenekoa bada ere. Guztira ia 331.000 euroko aurrekontua duen lan honen %25 Udalak finantzatuko du.