Oiartzun | Oiartzunek Xabier Lete literatur lehiaketarako epea zabaldu du

Zortzi eta 18 urte arteko herritarrek azaroaren 5era arte aurkez ditzakete prosa edo poesia lanak

23.09.2021 | 00:21
Iazko sari banaketa ekitaldia. Argazkia: N.G.

oIARTZUN – Xabier Lete prosa eta poesia XXXIII. lehiaketan parte hartzeko epea ireki du Oiartzungo Udalak. Zortzi eta 18 urte arteko oiartzuarrek, edo bertako ikastetxeetan ikasten dutenek, parte har dezakete usadio handiko literatur lehiaketa honetan.

Lanak aurkezteko epea azaroaren 5ean bukatuko da. Lanak Euskara sailean aurkeztu behar dira (Fermiñene etxea, Aialde kalea 2).

Ohi bezala, bi modalitate izango dira: prosa (LH 3. mailatik gora) eta poesia (LH 5. mailatik goira). Sail bakoitzean bi sari emango dira. DBH 2. maila arte, ikasmaterial eta liburutan baliatzeko bonua eta DBH 3tik goiti, eskudirutan jasoko dute saria.

Oinarrietan jasotzen denez, lanak argitaragabeak eta euskaraz izango dira. Gainera, parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkez dezake sail bakoitzean (LHn, lanak taldeka ere aurkez daitezke).

Idazlanak ordenagailuz idatzita aurkeztuko dira, Arial 12 letra motarekin eta 1,5 tartearekin. Alabaina, LH 3 eta 4an, eskuz idatzita bakarrik onartuko dira lanak.

Prosan gutxienez bi orrialde eta gehienez hiru aurkez daitezke. Poesiako lanek, aldiz, gutxienez orrialde bat eta gehienez bi izango dituzte.

Obra izengoitiarekin sinatuta aurkeztuko dira eta gutunazal itxi batean egilearen datu pertsonalak aurkeztuko dira.

noticias de noticiasdegipuzkoa