- 2021eko Udal Zerga Ordenantzaren hasierako onarpena bozkatu zuten Oiartzungo azkeneko ohiko batzarrean. Kiroldegiarena ezik (%2 igoko da), zerga guztiak ez igotzea onartu zuten, Gobernuaren aldeko bozkekin eta jeltzaleen abstentzioarekin. Jeltzaleek zaborraren tasa errebisatzeko eskatu zuten beste behin.

EAJk bidalitako ohar batean, bere bozkaren zergatia azaldu zuen eta Rafael Bergaretxe bozeramaileak osoko bilkuran esandako hitzak gogora ekarri zituen: "Nahiz eta gaur egun gauden egoeran bidezkoa iruditzen zaigun zergak eta petxak ez igotzea, gu lehengo urtekoaren hariari jarraituko diogu, hutsune batzuk ikusten ditugu eta horregatik abstenitu egingo gara".

Aurreratu bezala, zaborraren gaian hutsuneak ikusten dituzte: "Hutsune horrek kostu bat du eta ulertzen dugu zaborra sortzen duenak ordaindu egin behar duela. Hartara, hobariak ematea ez da gaizki iruditzen zaiguna. Baizik eta behar dutenei ematea da justuena, okerren pasatzen ari direnei".

Bestalde, obren gaineko zergaren arauan azaltzen denez, hobaria izango du baldin eta ziurtagiri baten bidez teknikari batek obra horiek desgaitasunen bat duten pertsonen irisgarritasuna eta bizigarritasuna hobetzeko derrigorrezkoak direla egiaztatzen badu. "Hau ez zaigu guztiz justua iruditzen. Etxe bateko bizigarritasuna hobetzea denontzat da onura; nahiz eta momentu horretan behar duen inor ez bizi, edozein momentuan sortu daitekeen behar bat da", esan dute.