- Udazken honetan Arditurriko meategietara kotxez, oinez edo bizikletan joan daiteke, baita Tren Berdean ere. Arditurriko parketxeak trenez hurbildu nahi dutenentzat hiru data finkatu ditu.

Lehendabizikoa urriaren 12a, astelehenez, izanik. Azaroaren 1ean eta abenduaren 6an ere eskaintza berbera izango da. Aurten meategiko bisita bakoitzean gehienez bederatzi pertsona sartu daitezke eta beraz, tren bakoitzeko hiru txanda egingo dira oinarrizko bisitarekin. Horrez gain, nahi duen orok trenean bakarrik ibiltzeko aukera ere izango du.

Trena Pagoaldea poligonotik (Ergoien) abiatuko da Arditurrira, bidean Aiako Harriko Natura Parkean murgilduz. Hautatzen den bisitaren arabera tren ordutegi bat egokituko da. Lehenengo trena 10.00etan abiatuko da, bigarrena 11.00etan eta 12.00etan azkenekoa.

Txu-txu trenaren prezioa hiru eurokoa da, eta trena gehi meategietako Oinarrizko Bisita deritzona, bost euro. Hamabi urte beherakoek trena bakarrik ordaindu beharko dute, beraz bisita doan aterako zaie.

Aurre-erreserba egitea nahitaezkoa izango da, plaza mugatuak baitaude. Izena emateko 943 495 069 edo 688 895 068 telefonoetara deitu edo arditurri@gipuzkoanatura.eus helbide elektronikora idatzi behar da.

Parketxearen ordutegia urrian eta azaroan asteazkenetik igandetara eta jai egunetan 10.00etatik 14.00etara izango da eta abenduan ostiraletik igandetara eta jai egunetan bakarrik egongo da zabalik, 10.00etatik 14.00etara.

Arditurriko parketxetik animatu dutenez, udazkena urtaro aproposa da meategiek eta Aiako Harriko Natura Parkeak duten xarma ikusteko eta bertako ondarea hurbiletik ezagutzeko.