- Pasaian hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketari musika eta kolorea jarri nahi izan diote. Horretarako, Pasaiatik eta pasaitarren artean egindako Bihurguneak abestia, estudioan egindako grabazioa, aurkeztu dute aste honetan.

Abestiaren melodia Josu Elberdinek sortu du, baina "Pasaiako musikari gazteen parte-hartzea" izan duela, ahotsetan zein instrumentuetan, aitortu zuen. "Azkenean, giroa sortu eta dantzagarria ere baden abestia lortu dugula uste dut", esan zuen abestiaren aurkezpenean.

Letra jartzeko betekizuna Eider Perezek jaso zuen: "Kanta gaztea bilatzen genuen eta nortasuna izan behar zuela pentsatu nuen". "Pasaia erakutsi nahi izan dut, euskara gehiago egiteko gogoa duen herria, indarrak batzeko gai dena, belaunaldi berrien bultzadaz", argudiatu zuen.

Gauzak horrela, bihurguneen ideia bururatu zitzaion: "Bihurguneek batzen dituzte lau Pasaiak eta euskara gure ahotara gehiago hurbilduko duen bihurgunea hartzeko gonbidapena luzatu nahi dugu abestiarekin".

Orain abestia bigarren txanpan sartu da, irailean aurkeztuko duten bideokliperako koreografia pentsa-tzen hasi baitira. Horretarako, Pasaiako dantzari, akademia eta dantza talde ezberdinak bilduko dituzte, estilo eta barruti ezberdinetakoak. Euskal dantza, dantza urbanoak eta klasikoak egiten dituztenen artean fusioa bilatu nahi dute.

Abestia entzun nahi dutenek https://youtu.be/C2jpFEw38Xs loturara jo behar dute.