- Arditurriko meatze gunera Tren Berdean joateko aukera dago prezio murriztuan, uztaila eta abuztuko asteazkenetan. Bi irteera-txanda eskainiko ditu trenak asteazkenero 10.00etan eta 11.15ean Oiartzungo Doneztebe plazatik, herriko kasko historikotik.

Helduek hamar euro ordaindu behar dituzte eta bost eta hamabi urtekoek eta 65 urtetik gorakoek, zortzi. Beharrezkoa da aurrez erreserba egitea Oiartzungo Turismo Bulegoan (telf.: 943 508 913).

Tren Berdeak 45 minutu inguruko ibilbidea egingo du. Oiartzun ibaiari jarraituz, garai batean Arditurritik ateratzen zen mea Pasaiako porturaino garraiatzeko trenbide zaharratik igaroko da. Azkenik, Aiako Harria Parke Naturalean sartu eta Arditurriko meatze gunean amaituko da bidaia.

Behin Arditurrira iritsita, kaskoak jantzita, meazuloan sartzea da plana. 180 metroko pasabidean barneratuz, iluminazio eta soinu-jokoek giro magikoa sortuko dute eta gida baten eskutik bertako historia eta garai ezberdinetako aztarnak azalduko dira. Esperientzia ahaztezin hau borobiltzeko, trenean itzuliko dira Doneztebe plazara.