Oiartzun - Oiartzungo Udalbatzarrak aho batez onartu zuen urteko lehenengo osoko bilkuran Urmendi haur eskolari 2020an egin beharreko ekarpen ekonomikoa. Guztira, 700.000 euro bideratuko ditu Udalak 0-3 hezkuntza partzuergora. Gogorazi behar da Urmendi haur eskolan 2020-2021 ikasturteko aurrematrikulazio epea irekita dagoela apirilaren 30a arte.

Gainera, Haurtzaro ikastolaren ekarpena ere onartu zen, ahobatez. Ikasleko 446 euro bideratuko ditu Oiartzungo Udalak mantenu gastuetarako.

Bestalde, herriko museoei bultzada bat emango zaie. Izan ere, Luberri Ikasgune Geologikoarekin eta Soinuenea Fundazioarekin lau urtetarako hitzarmenak onartu ziren. Luberriri Pagoaldea industrialdean lokala utzi eta ia 63.000 euroko dirulaguntza urtean ematea adostu zen. Soinueneari, berriz, Ergoiengo eskolak eta biltegitarako hiru lokal (bi Landetxen eta Altzibarko eskola zaharra) utzi eta urtero 93.300 euroko dirulaguntza emango zaio.

Gai zerrendatik kanpo, Redesak energia elektroniko, ura eta gasaren udal jabaria erabiltzeagatik Udalak jarritako tasaren kontra abiatutako prozesua aztertu zen. Euskadiko Auzitegi Nagusiak Redesari eman dio arrazoia, Udalaren kaltetan, baina Udalak, ahobatez, kasazio errekurtsoa jartzea erabaki du, “Espainiako Estatuan antzeko tasak dauden herrietako kasuak aztertuta”, azaldu zuten osoko bilkuran.

Protokolo gastuak Ohi denez, protokolo gastuei buruzko informazioa eman zen. Abenduko protokolo gastuaren datua eguneratu zen, guztira 2.550 euro pasatxo izan baitziren lunch, webguneko mantenu eta bidaia gastuetan. Aldiz, urtarrilean ez da protokolo gasturik izan.

Bukaeran, EAJk Manuel Lekuona liburutegiko fatxadaren kolorea nork erabaki duen galdetu zuen. Agustin Lekuona Hirigintza zinegotziak erabakia “teknikoena” izan dela azaldu zien, “adituen irizpidea da udal eraikinek nabarmendu egin behar dutela gainerakoetatik. Kolorea da horretarako moduetako bat”. - A.M.