Errenteria - Hezkuntzaren Nazioarteko Egunaren harira, urtarrilaren 24ean ospatzen dena, Oiartzo eta Orereta ikastolek Hezkuntza Astea antolatu dute igandera bitartean. Prestatutako ekintzak herritar guztiei irekiak direla aditzera eman dute.

Astea astelehenean hasi zen Oiartzo ikastolako ikasleek gidatutako bihotz biriken berpizte ikastaroarekin. Iaz txertatu zuten Oiartzo eta Orereta ikastolek eskola curriculumean lehen sorospena. DBH nahiz Batxilergoko ikasleek eta Orereta zein Oiartzoko langileek jaso zuten formazioa, desfibriladoreak ere jarrita dituzte ikastolako eraikin guztietan.

Gainera, atzo DBH 4. mailako ikasle eta familientzako orientazio saioa zuten, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatutakoan zabaltzen diren aukerak ezagutu ahal izateko.

Baina, ekitaldi gehienak asteburuan burutuko dira.

Honela, ostiralean Irantzu Lekue muralistaren gidaritzapean Biharko hezkuntza horma-irudia margotzeko aukera izango du egun guztian zehar Lino eraikinera (Agirre Lehendakari plaza) bertaratzen den herritar orok.

Bestalde, larunbatean 16.00etan Zamalbide auzotik Añabitarten orientazio proba egingo dute Gipuzkoako Orientazio Taldeak (GOT) eta Orereta ikastolak antolatuta.

Azkenik, igandean 11.15ean Esmalteria Berria eraikinean (Koldo Mitxelena plaza, 6) Trakamatraka familientzako musika ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Trakamatraka lanak material birziklagarriekin musika tresnak sortzen ditu. Gainera, ikuskizunaz gain norberak bere tresna sortzeko tailerra ere burutuko da. - A.M.