- Leire Artola, Beasaingo alkatearen, udalerrian antolatu eta garatuko den laugarren Transzikloaren edizioaren aurkezpenean hitz hauek adierazi zituen: "Pertsonak helburu hartuta, trans kolektiboaren errealitatea eta egoera ikutarazi eta honen aldeko sentsibilizazioan eta aitortzan pausoak ematen jarraitu behar da, elkarrekiko errespetuzko harremanak sustatu eta genero edo sexuzko diskriminazio mota guztiak albo batera uztea beharrezkoa delako.

Herritar guztien arteko parekidetasuna zein berdintasuna bultzatzeko asmoz, gainera, Daiteke Gizarte aholkularitza enpresarekin, herriko hezkuntza zentroetan banatzen hasi da Udala Beasain Parekide izeneko buletina, eta maiatzarekin batera iritsiko da hirugarren zenbakia.

Prestatutako egitaraua hilabete honetan hasi, apirila, eta ekainera arte luzatuko da. Aurten, hiru ekitaldik osatuko dute laugarren edizioko zikloa. Ekitaldi guztiak Igartzako jauregian burutuko dira ordu berean, arratsaldeko 19.00etan, eta segurtasun neurriak mantendu eta errespetatu beharko dira uneoro.

Lehena aste honetan bertan izango da, ostiralean, hilaren 30ean. Hain zuzen ere, Mi pequeño gran Samurai dokumentalaren emanaldia eta ondoren Elaxar Lersundiren solasaldia eskainiko da. Maiatzaren 28an, Transitos liburuaren gaineko solasaldia burutuko da, eta, azkenik, ekainaren 27an, Bertso-trans saioa izango da honako bertsolari hauekin: Alaia Martin, Uxue Alberdi, Maddi Aiestaran, Maider Arregi eta Jon Martin. Gai jartzaile lanak Amaia Agirrek egingo ditu.

Beasaingo Udalak jakinarazi du haien "eginkizuna eta konpromisoa ziklo hau sortu zuenetik mantentzen" duela, laugarren urte honetan ere modu berean jarraitzen duela. Ez da urtero ospatu, ordea, bizi dugun pandemia medio. "Gogoratu behar da iaz burutu behar zela laugarren edizioa baina egitaraua prest eta itxita eduki arren bertan behera utzi behar izan zen covid-19agatik", adierazi dute. Hala ere, orduko egitarauan hitzartuta zeuden zenbait ekitaldi aurtengo Martxoaren 8ko programazioan txertatu eta gauzatu ahal izan dira.

Nahiz eta egitaraua osatuta dagoen, egutegian bi data esanguratsu azpimarratuko direla ere jakinarazi dute antolatzaileek. Lehenengoa maiatzaren 17a da, LGTBIQ fobiaren aurkako eguna. Bigarrena, berriz, ekainaren 28an ospatzen den LGTBIQ pertsonen eskubideen nazioarteko eguna da.

"Bi egun horietan ekitaldi bereziak egitea aurreikusi da", gehitu dute.