- Beasaingo Udalak 770.000 euro bideratuko ditu erretiratuen egoitzak kokapen berria izan dezan, Urbi-etxe eraikineko solairu-artekoan. Udal Gobernuak egindako proposamenaren arabera obrak suposatuko duen gastua finantzatzeko kreditu aldaketa onartu zuen udalbatza osoak.

"Egungo egoitzak funtsezko baldintza egokiak betetzen ez dituela aspaldidanik zen jakina", onartu du Udalak, honakoa gehituz: "Garai bateko mediku-etxeak bere egituran eta zimenduan hainbat gabezi ditu eta orain arte egin diren konponketek ez diete arazoei irtenbiderik eman. Etxeak berak ere ez du irisgarritasuna bermatzen eta Udal gobernuak egoitza lekuz aldatzea erabaki zuen Aranealde erretiratuen elkartearekin adostuta".

Azkeneko Udalbatzan gai-ordeneko puntua izan zen hau, eta alderdi guztien adostasunarekin egoitza berriak izango dituen gastuak finantzatzeko kreditu aldaketa onartu zen.

Lanen proiektua Udalak eskuartean duela jakinarazi dute, "zuzenketa batzuk egin ondoren onartua izateko aurkeztuko da hurrengo bilkuran". Ondoren, lanak esleitzeko prozesua abiatuko da.

Proiektuak, zentroa orain arte elkartekideei eskaintzen ari zitzaien zerbitzuak emateko azpiegitura egokia izatea bermatuko du.

Abantaila nagusia irisgarritasunarekin lotuta dagoena izango dela nabarmendu dute, izan ere, orain arte eskaintzen diren zerbitzu guztiak emateko aretoak solairu berean egongo dira, eta beraz, ez da solairuz aldatu beharko ekintzaren arabera. Horrez gain, kokapen aldaketak ere bestelako onurak ekarriko ditu; hain zuzen, Urbi-etxe udalerri erdian kokatzen da, eta garrantzi-tsua da herri barnean egotea.

Amaitzeko, bertara iristeko igogailu berria eraikiko da. Nafarroa etorbidea, oinezko pasabide nagusia, eta Oriamendi kalea lotuko ditu honek, beste kale nagusietako bat. Azken honetatik izango du sarrera adineko zentroak. Lanak Aste Santu ondoren hastea aurreikusten da, eta bost hilabeteko epea izango dutela.