Gipuzkoako beste hainbat herritan egiten den moduan, Beasainen ere zahartze aktiboa eskuratzeko urratsak ematen ari dira. Gauzak horrela, bueltan da orain dela hilabete batzuetatik geldi zegoen Ondo ibili, ondo izan ekimena. Hala erabaki dute eragile guztiek, eta egitasmo honi helduko die. “Ondo bidean, apirilaren 15ean hasiko dira ibilaldiak”, jakinarazi dute.

“Duela urtebete covid-19ak eragindako konfinamentua eta pandemiaren eraginez, bertan behera geratu ziren ostegunero burutzen ziren ibilaldi osasuntsuak eta ohitura hau berreskuratzeko erabakia hartu da”, jakinarazi dute Beasaingo Udaletik. Hori bai, egungo testuingurua ikusirik “beharrezkoak diren babes neurriak” beteko direla jakinarazi dute. Hori dela eta, hainbat aldaketa egongo dira eta pertsona kopuru mugatuko taldeak osatuko dituzte bakoi-tzaren baldintza eta egoerari erreparatuz, noski.

Udalak ahal duen “antolaketa egokiena” egitea du helburu, ibilbide hauek berme guztiekin antolatzeko. Beste hainbat ekimenetan egiten den moduan, izena ematea beharrezkoa izango da kasu honetan ere. Hain zuzen, Beasaingo Antzizar kiroldegira deitu beharko da horretarako, 943 88 79 00 telefonora deituz, edo kiroldegira joanez.

Ekimenak pertsona helduentzat duen garrantzia azpimarratu dute Leire Artola alkateak, Elena Ruiz kirol zinegotziak, kiroldegiko teknikariak eta parte hartzen duten hainbat elkartetako ordezkariek; hala nola, Beasaingo osasun etxeak, Asmubek, Aranealdek, Nagusilanek eta Aita Mennik. Azken hauek, baina, Aldundiak esanda ez dute parte hartuko oraingoz. Ariketa fisikoak onura asko ekartzen dizkiola gaineratu dute, osasunari arlo guztietan, eta batez ere gaixotasunen prebentzioan.