- Gaurko egunarekin batera amaituko da aste honetan Ordizian ospatu den Ahoz Aho jaialdia gaur amaituko da IX. Ahozko narrazio lehiaketarekin. Orain arte, bi egunetan banatzen zen ekimena, baina egungo egoera medio, guztia egun bakarrean egitea erabaki da.

Hitzordua Barrena Kultur Etxean izango da, 19.00etan abiatuta. Bertan parte hartuko dute honako hizlariek: Monika Arratibel (Ataun), Nagore Leon (Markina) eta Ane Arrugaetaren (Gasteiz). Epaimahaia, berriz, Iñaki Carreterok, Maider Alcelayk, Jokin Irungarayk, Kattalin Salaberryk, Joxemari Karrerek eta Intujai Teatroko May Gorostiagak osatuko dute.

Horrez gain, Ruben Martinez Santana (Venezuela), Maider Alcelay, Jokin Irungaray-Kattalin Salaberry bikotea izango dira Ahozkotasunaren Gala Nagusian. Saioaren aurkezle lanetan Iñaki Carretero arituko da aurten ere.

Lehiaketaren nondik norakoa jarraitu nahi dutenek gonbidapena beharko dute, nahiz eta sarrera doakoa den. Horretarako Barrena Kultur Etxera jo beharko da, edo 943 805 630 telefonora deitu. Gainera, Ordiziako Udaleko YouTube kanalaren bidez jarraitzeko aukera izango da gala, aste hauetako emanaldi guztiak bezala, zuzenean emititu baitira, eta eskuragarri daude bertan, nahi duenak nahi duenean ikus ditzan.

Aste bakarrean hainbat saio eta emanaldi izan dira, ahozkotasuna hizpide izan dutenak. Hala nola, Itziar eta Joxan kontalariekin Jhon Ardila kolonbiarrarekin batera izan dira, aste hasieran Urdaneta Ikastetxeko eta Jakintza Ikastolako ikasleek hitzordua izan dute Lur Usabiaga eta Iraitz Lizarraga kontalariekin, eta Barrenan Doro Zobaran bizkaitarraren saioa ere izan dute, AEK Goiztiri euskaltegiko ikasleekin. Arratibel ere ibili da narratzaile lanetan, Xabi Etxaniz eta Venezuelako Ruben Martinez Santanarekin.